Errezilgo Berdintasun Planeko bi saio izango dira ostiralean

Nerea Uranga 2012ko azaroaren 7a

Errezilgo Udalak Berdintasun Plana du martxan, azken urteetan. Ostiral honetan, planaren baitako bi saio izango dira. 15:00etan, gizon eta emakumeentzako kafe tertulia antolatu dute, Borondegiko areto nagusian. Eta, segidan, 18:00etan, herriko gazteei zuzendutako saioa izango da, Borondegiko areto nagusian hau ere. Bi saioetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruko hausnarketak egingo dituzte, aurreko beste saioetan egin bezalaxe. Horregatik, belaunaldi desberdineko errezildarrak saioetan parte hartzera animatu dituzte Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkartetik. Saiaz gizarte zerbitzuetako udal elkartea gizonen eta emakumearen Berdintasun Plana egiten ari da Errezilen, hango udalaren ekimenez. Errezilgo Berdintasun Planaren asmoa iaz jarri zuten martxan. Ordurako, diru laguntzak lortu eta udalekoek plana aurrera eramateko konpromisoak hartu zituzten. Aurretik, 2008an eta 2009an, gizonen eta emakumeen berdintasun diagnostikoa egin zuten Errezilen, eta handik ondorio batzuk atera zituzten, haiek eskuan prebentzio lanari ekin ziuoten kafe tertuliekin. Uda aurretik hasi ziren belaunaldi desberdinen arteko kafe tertuliak egiten Borondegin. Udako oporraldiaren ondoren, joan den hilaren hasieran egin zuten beste saio bat eta etzikoa izango da hurrengoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide