Erniarraitz Bertsozale Elkarteak Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezileko Bertso Eskoletan aritzeko izena emateko epea ireki du. Datorren hilean hasiko dituzte eskolak, eta gaztetxoen saioak maiatzean amaituko dira; helduenak, berriz, ekainera bitartean iraungo dute.
Azkoitiko Helduen Bertso Eskolan aritzeko Eneritz Artetxerekin har daiteke harremanetan, 635-00 73 37 telefonoaren bidez. Halaber, joan zen astean Erniarraitzek motibazio saioa egin zuen Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolan eta Floreaga ikastetxean. Artetxek eta Nekane Zinkunegik zuzendu zuten saioa, eta bertan jaso zituzten Bertso Eskolan arituko direnen izenak. Hala, elkarteak jakinarazi du datorren ikasturteko ordutegiak irakasleekin adostuko dituztela. Halaber, eskolak Azkoitiko Kultur Etxean izango direla jakinarazi dute.
Azpeitian ere bertsotan ikasi eta horretan jarraitu nahi duten gaztetxoek eman dezakete izena, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain edo Iraurgi Ikastetxean. Helduen Bertso Eskolan aritzeko, berriz, Haritz Etxeberria
Mini edo Jokin Uranga bertsolariekin jarri daiteke harremanetan, 615-70 07 66 telefonora deituta.
Errezilen, bere aldetik, bertako herri eskolan eman daiteke izena, eta informazio gehiago ere bertan eskuratu daiteke. Halaber, bestelako zalantzarik izanez gero, elkartearekin jarri daiteke harremanetan.