Aia, Aizarnazabal eta Errezilgo udalek Espainiako Gobernuko diru-laguntzak jasoko dituzte, uholdeengatik

Urola Kostako Hitza 2012ko maiatzaren 23a

Aia, Aizarnazabal eta Errezilgo udalek diru-laguntzak jasoko dituzte Espainiako Gobernutik, pasa zen azaroan izan zituzten uholdeen gastuei aurre egiteko. Errezilgo Udalak eskuratuko ditu laguntza gehien; 79.938,97 euro bideratuko dituzte bertara; Aizarnazabalgo Udalak, berriz, 79.871,31 euro jasoko ditu, eta Aiakoak 13.600,97 euro. Lehenengo laguntzak dira Espainiako Gobernuarenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzen zain baitaude. Errezilgo alkate den Maria Jesus Salsamendiren esanetan, «arnasgune» izango dira udalaren jarduerarako. Gipuzkoako bederatzi udalerrik jasoko dituzte diru-laguntzak, eta guztira, 427.180,94 euro banatuko dizkiete, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen azpiordezkaritzak jakinarazi duenez; larrialdi gisa egindako eskarien erantzun izango da dirua, baina udalerri bakoitzak ez du jasoko eskatutako kopuru osoa; Aizarnazabal da laguntzak bere osotasunean jasoko dituen udalerri bakarra eskualdean, eta uholdeen gastuen eraginez gelditu behar izan zituzten proiektuak jarriko dituzte martxan; hala nola, Etxabetik bidegorria sortzeko egitasmoa. Aiako Udalak, berriz, eskatutakoaren erdia jasoko du, Igor Iturain alkateak adierazi duenez. Laguntza hori «ongi» etorriko dela adierazi du Iturainek, baina gastu guztiak ordaintzeko ez dela iritsiko azpimarratu du; Gipuzkoako Foru Aldunditik ere diru laguntzak jasotzekoak dira, baina «zati handi bat» udalaren gain geratuko dela jakinarazi du. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen azpiordezkaritzaren arabera, Errezilek ia 80.000 euro jasoko ditu, baina Salsamendik adierazi du oraindik ez dutela erabaki ofiziala jaso. Dena den, udalari kostatu zaion dirua «askoz gehiago» izan dela adierazi du; honen arabera, 127.000 euro inguruko kalteak eragin zituen euriteek. Halaber, alkateak adierazi du Espainiako laguntzak jasotzeko aurretik fakturak ordaindu behar izan dituztela, bestela ez luketelako izango dirua jasotzeko aukerarik. Hala, Salsamendik adierazi du kalteek «erabat» baldintzatu dutela udalaren zeregina, eta egun «egoera txarrean» daudela azpimarratu du. Hala, jasoko duten diruak «lasaitasuna» emango dietela adierazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide