Hileta zibilak egiteko arauak onartu ditu Errezilgo Udalak

Urola Kostako Hitza 2012ko urtarrilaren 13a

Senitartekoren bat hildakoan, hileta elizan egiteko ohitura dagoen arren, badira bestelako aukerak nahi izaten dituztenak ere, eta horrekin konturatuta, hileta zibilak gune publikoetan egitea baimendu du Errezilgo Udalak. Horregatik,beraz, araututa gelditu dira berauek egiteko baldintzak. Hiletez gain, omenaldiak egiteko ere onartu da arautegia. Herritarren partetik eskaerarik egin ez den arren, zerbitzu hori eman beharra zeukatela ikusi zuten Udalean, Maria Jesus Salsamendi alkateak azaldu duen bezala. «Albiztur eta beste zenbait herritan martxan jarri zutela ikusi genuen, eta eskaerarik egon ez den arren, zerbitzua eskaini beharra zegoela uste dugu, norbait etorriko balitz ere, arazorik ez izateko behintzat». Horregatik, norbaitek bere senitarteko bati hileta zibila egin nahi baldin badio, baimenduta eta onartuta izango luke guztia. Salsamendik jakinarazi duenez, plazan egingo dira hiletak, eta euria egiten baldin badu, berriz, frontoian. Hala ere, «senitartekoek erabakiko dute bietako zein leku aukeratu». Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jartzen duenaren arabera, edozein egunetan 17:00etatik 20:00etara bitartean egin ahalko dira hiletak. Alkateak edo berak ahalmendutako zinegotziak erabakiko dutela ze ordutan egingo den ere badio aldizkariak, nahiz eta familiakoek eskatutakoa kontutan hartuko den. Eskaerak Udalean Hileta elizkizuna egin nahi duenak udaletxean eskatu behar du baimena. Tokia apaindu beharra baldin badago ere aurrez abisatu beharko dela dio Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Zerbitzu horrengatik ez da ordaindu beharrik izango Salsamendik jakitera eman duenez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide