Maria Jesus Salsamendi (Errezil, 1962) inoiz poilitikan aritu gabea zen, Bilduko zerrendan joatea proposatu ziotenean. Baserritarra da, eta Azpeitian azokan jardun da barazkiak saltzen. Azkune fruta dendan aritzen da gaur egun. Alkate lanetarako %25 liberatuta dago, eta egunero joaten da ordu batzuez udaletxera. Kezka nagusia ekonomikoa da; dirurik ez du Udalak, eta horri aurre egin beharko diote beste ezer baino lehen.
Ez zenuen uste alkate izango zinenik.
Ez horixe. Zerrendan joatea proposatu eta onartu egin nuen, jendea behar zutelako zerrenda osatzeko. Ez nuen uste zerrendaburu jarriko nindutenik, baina hala egin zuten. Esan nien lan handia ematen ari zitzaizkidala, baina balio nuela esan zidaten, eta lagunduko zidatela. Baina ez nuen uste Bilduk irabaziko zuenik. Hamasei urte zeramatzan aurrekoak, eta ez genuen espero.
Zer moduz hasi zara?
Hainbestean. Laguntzaile onak ditut; idazkariak asko laguntzen dit, gizarte langilea ere lehendik ezagutzen nuen, eta arkitektoa ere oso jatorra da. Horretaz gain, taldean egiten dugu lan, eta ondo.
Zein izango dira lau urte hauetan zuen lehentasunak?
Lehentasunak diruaren arabera ezarriko ditugu.
Krisi ekonomikoa asko nabaritu al du Errezilgo Udalak?
Bai. Ez dakit aurreko gestioak nola dauden eginda, orain sekulako arazoa dagoelako. Aurtengo aurrekontuak oraindik onartu ezinik gabiltza. Gastu handiak daude, eta zenbakiak ezin ditugu berdindu. Eta onartu beharra ditugu, diru-laguntza batzuk jaso nahi baditugu behintzat. Negoziatu beharra dago lanak egin dituztenekin ere. Haiek ere kobratu beharra dute, normala denez, eta ea nola egiten dugun.
Zein puntutan zaudete orain?
Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari batekin harremanetan gaude; handik lagunduko digute aurrekontuekin. Haiek zer esan zain gaude orain.
Zerk eragin du horrenbeste gastu?
Alde batetik, bi bailaratako errepideak berritu ditu Udalak, eta %40ko diru-laguntzak izan arren, gainerakoa Udalak ordaindu behar du. Baina dirurik ez du. Gastu arrunta handia da; nik uste dut aurrekoek askorik ez zutela begiratu. Gainera, Aldundiko dirua ere jaitsi egin dute. Horretaz gain, urte batean elur asko egiten badu, gastua asko igotzen da, Errezilek bide asko duelako garbitzeko, eta denak urruti daude.
Ba al zenekiten Udala hain egoera larrian zegoena?
Zerbait susmatzen genuen, baina horrenbestekoa izango zenik ez genuen pentsatzen.
Gastuak murriztu nahian ari zarete, ezta?
Bai. Nire liberazioa behintzat %80tik %25era murriztu dugu, eta horrekin diru dezente aurreztea espero dugu.
Krisiagatik hartu al duzue erabaki hori?
Ez, bestela ere gaizki iruditzen zitzaigun, eta krisiarekin are okerrago. Gainera, herri honek ez du diru sarrerarik... Industria bakarra du, Domusa, eta beste tailer txiki bat. Bestelakoan baserri giroa dago, eta hori ere, etzanda gehiago dago, tente baino.
Dirua izanez gero, zer egingo zenukete?
Baserribide guztiak xixku eginda daude; garbitzeak ere dirua eskatzen du. Udazkenean dena hostoz betetzen da, gainera, eta lehenbailehen garbitzea komeni da. Horretaz gain, gazteentzako etxerik ez dago.
Eta etxeak egiteko tokirik ba al dago?
Hori da beste arazo bat. Udalak lurrik ez du, erosi egin beharko luke. Uraren arazoa ere badago, gainera. Ur partzuergoak biltegia du jarrita, baina gainerako guztia Udalak hartzen du bere gain; matxurak, mantenua, dena. Ura galdu egiten du bidean, baina biltegirik irteten den guztiak kontatzen duenez, etxeetakoek kontsumitzen dutena ordaindu eta galdutakoa Udalak hartzen du bere gain.
Proiektu gutxi egitea aurreikusten duzue, hortaz.
Zaila izango da. Domusa enpresaren parean biribilgunea egingo dugu, hori bai. Udalak lurra jarri beharra du, eta lehenbailehen konpondu nahi dugu hori. Lurjabeekin hitz egin eta dena prestatu nahi dugu. Herrian dagoen enpresa bakarra da, gainera. Proiektua egina dago jada. Dena den, dirurik gabe egiteko lan asko dugu.
Errezil mendi puntan dago. Garraioari dagokionez, zein da egoera?
Autobus zerbitzua badugu, baina hori kendu egin nahi dutela uste dut, eta horrekin eztabaidak izango ditugu. Oraingoz martxan da zerbitzua; egunean bizpahirutan Azkoitia eta Tolosa lotzen ditu, Errezildik igarota. Guretzat txarra izango litzateke zerbitzua kentzea eta mantentzea bultzatu behar da; derrigorrezkoa da. Batzuetan ez du inork erabiliko, baina hurrengoan askok. Autobusak bermatzen duen gutxieneko komunikazio hori mantendu beharra dago. Haurrentzako zerbitzua ere badago, Azpeitiko eskoletara joan-etorria egiteko.
Zerbait positiboa ere egongo da, bada, horrenbeste arazoren artean?
Momentu honetan ez dut gauza on askorik ikusten. Udalean gauden denok gogotsu hasi gara lanean; zazpiok, baita beste alderdikoak ere.
Harreman onak dituzue, beraz, Errezil Herrin Alde alderdikoekin.
Harremana oso ona da oraingoz, bai. Udal batzorde gehienak Bilduk hartu ditu, baina guztion artean landuko ditugu; bai gainerako zinegotziekin, bai herritarrekin.
Jendeak asko gelditzen al zaitu kalean, gauzak eskatzeko?
Kalean ez asko. Badakite zein ordutan etortzen naizen udaletxera, eta bertara deitzen didate.
Eta herriko eragileekin harremanetan jarriak al zarete?
Bai, eta giro ona dago. Kultur elkarteak udalekuak antolatu ditu, eta Zokomian aldizkaria ere hor dugu, martxan. Alde horretatik, nahikoa ondo gaudela esango nuke. Horri eusteko ere diru asko behar da, baina ikusiko dugu zer bidetatik lortu.
Alkate moduan, datozen lau urteetarako zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Oraindik ez dut horretan pentsatu. Uraren arazoa konpondu nahiko nuke. Neuk baserrian gutxitan nabaritu izan dut ur falta, oso lehorte handia izan denean baino ez. Halakoetan ganaduentzako ura ekarri behar izan dut. Baina beste baserri batzuk oso-oso gaizki ikusten ditut, egunero ur bila joanez, egunean bitan ere bai... Hori da baserri giroan egon daitekeen gauzarik tristeenetako bat. Hori konpontzeko egundoko dirutza jarri beharko luke Udalak. Orain ezin du horretan hasi, baina horretaz ere hitz egiten ari gara.