Babes publikoko lau etxebizitza eraikiko dituzte Beizaman

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 26a

Astearte arratsaldean Beizamako Natur Eskolan egin zuten etxebizitzen aurreproeiktuaren aurkezpena. (Aitziber Arzallus)

Ehun metro koadro inguruko etxebizitzak izango dira, bakoitza bere garajearekin, eta 225.000 euro kostatuko da bakoitza. Bi urtez herrian erroldatutakoek edo azken hamar urteotan bi urtez erroldatuta egon direnek izango dute horiek eskuratzeko lehentasuna.

Beizaman babes publikoko lau etxebizitza eraikiko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietatearen eta Beizamako Udalaren ekimenez, eta herenegun arratsaldean aurreproiektuaren aurkezpena egin zuten hango Natur Eskolan, dozenaka herritarren aurrean.

Bi erakunde horietako ordezkariak izan ziren hitza hartzen aurrenak, Pedro Otaegi Beizamako alkatea eta Iñaki Labaka aldundiko Lurralde Orekako zuzendaria, hain zuzen. Beizaman etxebizitzak eraikitzeko proiektuaren helburua herriko gazteek herrian bizitzen jarraitzea dela esanez hasi zuen saioa Otaegik, eta Labakari eman zion hitza. "Herri txikiak begiz jota ditugu, eta jakitun gara horietan hainbat proiektu martxan jarri beharra daukagula, gure eskumenekoak izan ala ez", adierazi zuek hark. "Banda zabalaren gaiari heldu genion bezala, etxebizitzenari heldu diogu orain, lurraldea berdea baina orekatua izan dadin beharrezko jotzen baitugu landa eremuan eta herri txikietan biztanleria finkatzea. Horretarako etxebizitzak behar dira, eta Etorlurren bitartez, etxebizitzak eskaintzera jo dugu".

Segidan, Xabier Rezabal Etorlurreko arkitektoak azaldu zuen zehatz-mehatz duela bi urte pasatxo Etorlurrek erosi eta eta eraitsi zuen Etxebeste eraikinaren tokian eraikiko dituzten lau etxebizitzen aurreproiektua. Hark esandakoaren arabera, eraikinak hiru altuera izango ditu eta herriko gainontzeko eraikinen tipologiari eutsiko dio. Sotoan, lau garaje izango ditu eraikinak, etxebizitza bakoitzarentzat bana; lehen solairuan, bi etxebizitza; eta bigarren solairuan, beste bi. Etxebizitzek ehuna metro koadro inguru izango dituzte; zehazki, 96 metro koadro izango dituzte hiruk, eta 104 metro koadro izango ditu besteak, lehen solairuko etxebizitzetako batek, eraikina kokatutako ingurunearen desnibela tarteko, orientazio eskasena duelako. Hiruna logela, bina bainugela, sukaldea, egongela eta terraza izango dituzte etxebizitzek, eta igogailurik ez du izango eraikinak. Etxebizitzetara garajetik gora igotzeko aukera egongo da, baita kanpotik sartzekoa ere. "Bakoitzak bere sarrera izango duenez, etxebizitza familiabakarrak balira bezala izango da, baina eraikin berean egongo dira", zehaztu zuen arkitektoak. Prezioa ere aurreratu zuten: etxe bakoitzak 225.000 euro gehi BEZ balioko du.

Baldintzak

Begoña Garmendia Beizamako Udaleko zinegotziak azaldu zuen etxebizitzak esleitzeko prozedura. Izena eman ahal izango dute urteko eta familia unitateko 67.000 eurora arteko diru sarrerak dituzten herritarrek, kopuru hori ezarri dute gehienezko mugatzat, eta lehentasuna izango dute azken bi urteetan Beizaman erroldatuta dauden herritarrek edo azken hamar urteetan bi urtez erroldatuta egon direnek. Bigarrenik, egun Beizaman erroldatuta daudenek izango dute aukera; hirugarrenik, Beizaman lan egiten dutenek; eta gero, gainontzeko guztiek. Ondo bidean, izen ematea urtearen bukaera aldera edo hurrengo urtearen hasiera aldera zabaltzea aurreikusten dutela adierazi zuen, eta prozesua nola doan une oro informatuta egon nahi duten herritarrek horretarako aukera dutela jakinarazi zuen, 681 04 53 44 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezua bidalita edo bizibeizama@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Hain zuzen ere, Yurre Peñagarikano Urkomeren kudeatzailea egongo da zenbaki eta helbide horien bestaldean, interesa duten herritarrei informazioa helarazten.

Miren Maite Peñacoba Etorlurreko zuzendariak, azkenik, epeei buruz hitz egin zuen, eta zehaztu, behin eraikitze lanak martxan hasita, hamalau edo hamasei hilabeteko epean gauzatzea espero dutela; horrenbestez, etxebizitzek bukatuta egon beharko lukete 2028ko udarako. Uneotan Abaltzisketan (Gipuzkoa) ari dira prozesu bera gauzatzen, han urrats batzuk aurrerago, eta adierazi zuen han ikasten ari diren guztia ezin hobeto etorriko zaiela Beizamarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide