Beizaman eraikiko dituzten tasatutako etxeez informatzeko saioa izango da asteartean

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 19a

Beizama. (Leire Larrañaga)

Etorlurrek sustatuta Beizaman eraikiko dituzten lau etxebizitza tasatuei buruzko informazioa emango dute asteartean, 18:30ean hasita, Beizamako Natur Eskolan egingo den saioan. Besteak beste, etxebizitza tasatuen aurreproiektua eta udal ordenantza azalduko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko, Etorlurreko eta Beizamako Udaleko ordezkariek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorlur sozietate publikoaren bidez babes publikoko lau etxebizitza eraikitzeko asmoa du Beizaman. Etxebizitza horien inguruko informazioa emateko astearterako (martxoak 24) nahi duten herritar guztientzako bilera irekia antolatu du, 18:30ean, Beizamako Natur Eskolan.

Astearteko bilera horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Etorlurreko eta Beizamako Udaleko ordezkariek parte hartuko dute, eta honako kontuen inguruko informazioa aurkeztuko dute: Beizaman eraikiko diren etxebizitza tasatuen aurreproiektua, etxebizitza tasatuen udal ordenantza (gehieneko prezioak, eskuratzeko baldintzak, etxeak esleitzeko prozedura eta abar) eta etxebizitzak eraikitzeko lanen programazioa.

Beizaman eraikitzekoak diren babes ofizialeko lau etxebizitzen proiektua aldundiak landa inguruneak biziberritzeko helburuz egingo duenetako bat da Etorlur sozietate publikoaren bidez eta Beizamako Udalarekin eta Urkomerekin lankidetzan. Mila biztanle baino gutxiagoko udal eremuetan babes publikoko sustapenak bultzatzea helburu duen aldundiaren proiektuetako bat da Beizamakoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide