Beizamako Udalak Beizamako Aterpetxea eraikinaren erabilera pribatiboa esleitzeko deialdia jarri du abian. Aterpetxea udal jabetzako ekipamendua da, eta ingurumen hezkuntzari, turismoari eta aisialdiari lotutako jarduerak garatzeko pentsatuta dago. Aterpetxea esleitzeko deialdia eginda, udalerriko dinamizazioa sustatzea eta ingurumenarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako proiektu berriei bide ematea da udalak duen asmoa.
Esleipena jabari publikoaren emakida bidez egingo dute, alegia, prozedura irekiaren bitartez. Beraz, eskaintzan interesa duten pertsona edo erakunde guztiek parte hartu ahal izango dute, betiere baldintzetan jasotako oinarriak betetzen badituzte. Beizamako Aterpetxearen eskaintzara aurkezteko epea 30 lanegunekoa da bihar hasita; izan ere, gaur argitaratu dute eskaintza hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Beizamako Aterpetxea eraikinerako eskaintzara proposamenak aurkezteko bi modu jarri ditu udalak. Batetik, aurrez aurre, Beizamako udaletxera eraman daiteke proposamena astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan, 09:00etatik 13:00etara, eta ostegunetan, 12:00etatik 19:00etara. Bestetik, bide elektronikoz, Kontratugilearen Profilaren bidez.
Beizamako aterpetxea lau solairuko ekipamendua da, eta larrialdietarako irteerak eta igogailua ditu solairu guztietan. 54 pertsona hartzeko tokia du, solairuz solairu honako espazioak ditu aterpetxeak: beheko solairuan sarrera eta harrera ditu; lehenengo solairuak 22 pertsona hartzeko tokia du, komuna duten bost logelekin eta banalekuarekin; bigarren solairuan bost plazako logela bat dago komunarekin, sukaldea, jantokia-erabilera askotarako espazioa, garbiketa gela eta komuna daude. Ganbaran, berriz, zazpi plazako logela du komunarekin, hogei plazako logela handia du literekin eta komunak eta dutxak ditu. Gainera, iaz aerotermiako elementuak instalatu zituzten berogailuaren eta ur beroaren instalazioetarako.
Deialdiari buruzko informazio guztia, oinarri tekniko eta administratiboak, nahiz aterpetxeari lotutako eranskinak Beizamako Udalaren webgunean (Beizama.eus) jarri dituzte eskuragarri.
Beizamako aterpetxeko beste logela bat. (Beizamako Udala)