Tolosan jokatuko dute Eneko Otañok eta Iker Vicentek apustua

Ihintza Elustondo 2025eko azaroaren 29a

Iker Vicente eta Eneko Otaño, urrian, apustua itxi berritan. (Ibon Errazu)

Urtarrilaren 3rako dute bi aizkolariek hitzordua jarrita, baina zehazteko zuten non jokatuko duten erronka. Tolosako zezen plazan izango da apustua, 17:00etan hasita.

Erabaki dute non jokatuko den Eneko Otaño beizamarraren eta Iker Vicenteren arteko apustua: Tolosako zezen plazan (Gipuzkoa). Aurrez jakina zen urtarrilaren 3rako –larunbata– jarri zutela hitzordua, baina lekua zen zehaztea falta zena. 17:00etan ekingo diote erronkari.

Urrian itxi zuten apustua bi aizkolariek, Tolosako Cantabrico tabernan. Ordu eta laurden behar izan zuten horiek nahiz haien laguntzaileek apustuaren nondik norakoak adosteko, baina apusturako datarekin eta egin beharreko lanak zehaztuta itzuli ziren etxera.

Hain zuzen ere, Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau oinbiko ebaki beharko ditu; bi kanaerdiko gutxiago, berriz, Otaño beizamarrak. 6.000 euro izango dituzte jokoan, eta apustuan erabiliko dituzten enborrak erdibana eramango dituzte plazara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide