Bizi Beizama proiektua Europako Batasunaren New European Bauhaus sarietako finalista hautatu dute

Nerea Uranga 2025ko ira. 29a, 09:00

Beizamako Udaleko, Urkomeko eta Etorlurreko ordezkariak Bruselan, New European Bauhaus (NEB) sarietan. (Beizamako Udala)

Europako Batasunak bultzatutako New European Bauhaus sarietako finalistetako bat da Bizi Beizama proiektua. Gaur eta bihar artean egingo dituzte sariketako ekitaldiak Bruselan, eta bihar banatuko dituzte sariak Europako Parlamentuan. Beizamako Udaleko, Urkomeko eta aldundiko hainbat ordezkari sariketako ekitaldietan parte hartzen ari dira. "Landa inguruneko despopulazioari aurre egiteko egin duen apustu berritzaileagatik" nabarmendu dute sarietan Beizamako proiektua.

Bizi Beizama proiektua finalista hautatu dute Europako Batasunak sustatutako New European Bauhaus (NEB) sarietan, udalerri txikien kategorian. Sarietara 300 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, eta horietatik 30 proiektu bakarrik aukeratu dituzte finalista izateko; tartean, Beizamakoa. Sariketako epaimahaia hainbat aditu independentek osatutakoa da, eta haiek proiektuaren kalitatea, Europako ekimenaren balioekin duen lerrokadura, eta edertasuna, iraunkortasuna nahiz inklusioa sustatzeko duen ahalmena aitortu dizkiote Bizi Beizama proiektuari. "Gure proiektua finalista izateko aukeratu dute landa inguruneko despopulazioari aurre egiteko egin duen apustu berritzaileagatik", nabarmendu du Beizamako Udalak.


Beizamako Udaleko, Etorlurreko eta Urkomeko ordezkariak, atzo Bruselan. (Beizamako Udala)

Beizamako Udaleko, Urkome landa garapeneko mankomunitateko nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Bruselan dira egunotan, sarien bueltan antolatutako ekitaldietan Bizi Beizama proiektuaren alde egiteko. Izan ere, bihar, asteartea, arratsaldean banatuko dituzte New European Bauhaus sariak Europako Parlamentuan.

2008an Bizi Beizama proiektua aurkeztu zutenean.

Beizamako Udaleko ordezkariak gustura dira Europa mailako sariketa batean beren herriko proiektua finalista izatera iritsi delako, hala adierazi du alkateak: "Errekonozimendu hori oso bultzada garrantzitsua da Beizamarentzat, udalerri txikiok Europan eragina duten proiektu eraldatzaileak lideratu ditzakegula erakusten duelako".

Udalaren arabera, Bizi Beizama proiektua erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta Beizamaren –130 biztanle ditu– despopulazioaren erronkari erantzuteko sortu zuten. 2018an aurkeztu zuten Bizi Beizama proiektua. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Ongi Etorri Beizamara proiektuaren barruan, Beizaman  alokairurako hamabi etxebizitza sozial eraikitzea da asmo nagusia. Etxebizitza horiek dagoeneko eraikitze lizentzia dute, eta diseinua ere erabakita dute, honako ezaugarri nagusiekin: ingurumen iraunkortasuna, ikuspegi inklusiboa eta berrikuntzaren aldeko apustua –bizilekua eta jarduera ekonomikoa uztartzen dituzten etxebizitza produktiboak izatea da asmoa–. 

2022an Ongi Etorrri Beizamara proiektuaren aurkezpena, Beizaman. (Nerea Uranga)

Bizi Beizama egitasmoaren helburu nagusia herrira biztanleak erakartzea eta haiek han finkatzea da, komunitate bizitza biziberrituz eta landa ingurune batean aukera ekonomiko berriak sortuz. Era berean, Beizamako kultura eta natura ondarea zaintzea ere badute helburu.

Elkarlana eta herritarren partaidetza

Europako Batasunak bultzatutako New European Bauhaus sarietan Beizamako proiektuak deialdiko bi printzipio betetzen ditu, udalak azaldu duenez. Batetik, hainbat erakunderen arteko lankidetzaren oinarritzen da Beizamako proiektua; alegia, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur foru sozietatearen, Urkome landa garapenerako elkartearen eta Beizamako Udalaren "ahaleginak" batzen ditu, bi bizitegi berri sustatzeko – bat da Ongi Etorri Beizamara, eta bestea, aldundiak sustatutako udal etxebizitza tasatuen proiektu berria–. Bestetik, herritarren parte hartzeari buruzko printzipioa ere betetzen du Beizamako egitasmoak, udalaren esanetan: "Urkomek, Beizamako Udalarekin lankidetzan, bi partaidetza prozesu egin ditu Plan Estrategikoa eta Beizamako etxebizitza premiei buruzko azterketa eta diagnostikoa egiteko".

Europako sarietako ekitaldiak gaur eta bihar dira Bruselan, eta bertan, sarietako beste finalisten ordezkariekin bildu dira Bizi Beizama proiektuaren izenean joandakoak. Esperientzia horrek "ikaskuntzarako eta trukerako foro gisa" balioko diela azaldu dute udal ordezkariek: "Gainera, aukera bikaina da beste parte hartzaile, sektoreko aditu eta profesional batzuekin harremanetan jartzeko".

New European Bauhaus (NEB) ekimena Europako Batzordeak bultzatua da, Itun Berdea eguneroko bizitzarekin lotzeko, horretarako mugimendu horrek "diseinua, iraunkortasuna, irisgarritasuna, eskuragarritasuna eta inbertsioa" uztartzen ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide