Landa inguruneko eskolen aldarria, Beizamako eskola itxi zenaren 50. urtemugan

Nerea Uranga 2025ko ira. 7a, 19:30

Beizamako eskolan 1975ean egin zuten azken ikasturtea. Ordutik mende erdia igaro dela gogoratuz eta landa eremuko herrietako eskola txikien garrantzia aldarrikatuz ekitaldia egin dute gaur Beizaman. Antonio Gonzalez azken maisua omendu ondoren, herriko eskola zenaz erakusketa ireki dute udaletxean.

1969tik 1975era artean izan zen Antonio Gonzalez Beizamako eskolako maisua. Eskola horretako azken irakaslea ere bera izan zen, Beizamako eskola 1975. urtean itxi zelako. Ordutik, urte hauetan guztietan, "Beizama eta beizamarrak bihotzean" eraman dituela azaldu du gaur Gonzalezek, eskola zegoen tokian bertan, ikasle ohien eta beste hainbat herritarren aurrean. Izan ere, eskola itxi zutela mende erdia igaro dela gogoratu dute gaur Beizamako Udalak eta herritarrek Gonzalez eta haren familia omenduz,  Beizamako eskolaren inguruko erakusketa irekiz eta landa eremuetan eskola txikien beharra eta haien garrantzia aldarrikatuz.

Beizamako eskolak orain dela 50 urte eskaini zuen azken ikasturtea, 1975ean. Eskola izan zen tokian bildu dira gaur eguerdian Beizamako Udaleko ordezkariak, eskolako ikasle ohiak, beste hainbat herritar eta eskolako azken maisua izandako Antonio Gonzalez, haren emazte Josefa Laya eta seme-alabak. Eskola zen lekuan plaka bat jarri dute, Gonzalez eta haren senideak omendu dituzte, "herriari eskainitako lana eta ahaleginak eskertuz".

Segidan, eskolako ikasle izandako Xabier Arrutik –gaur egun Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatua dena– eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak bertsoak kantatu dituzte.

Honako bertsoak abestu ditu Arrutik, eta bigarren bertsoa gaur jarri duten plakan bertan dago idatzita:

“Beizaman bazen ikastetxe bat 
historiak hala dio
duela mende erdi itxi zen
gainbeheraren ondorio
irakaslea familiakin
bertaratua propio
merezi duen omenaldia
egitea dagokio
bihotz-bihotzez eskerrik asko
Josefa ta Antonio.

Beizaman bazen ikastetxe bat
historiak hala dio
duela mende erdi itxi zen
gainbeheraren ondorio
baina edozein herri txikiri
bere eskola dagokio
herriminaren iturri baita
etorkizun inbertsio
saia gaitezen denok lanean
baikortasunez serio
berriz Beizaman izan ditzagun
Josefa ta Antonio”.

Peñagarikano Beizaman maisu izandakoaren semeak ezagutzen dituela esan du, eta ekitaldia entzutera joan eta kantatzea egokitu zaiola esan du. Honako hiru bertso kantatu ditu Beizamako gaurko ekitaldian:

“Saiatu zinen hemengo umeak
intelektualki janzten
saiatzen zinen bere idazkiak
txukuntzen eta orrazten
ikusi zenun hemengo umeak
txikiak ziranak hazten
zuri eskerrak ikasi zuten
irakurtzen da idazten
txikitan ondo ikasten dana
gero inoiz ez da ahazten.

Zure umeak hemen jolasten
plazan edo enparantzan
saiatu zinen egun batean
zeredozer izaneko esperantzan
hemendik oraindik maite zaituzte
ez zazu eduki zalantzan
ta zutaz haro esaten dute
zuk eginaren gorantzan
zigortzen ginun baina Antonio
maisua ona izan zen.

Antonio bera Soriakoa
ta Josefa riojana
etxe guztiko abizen danak
dakizkina banan-bana
Tlosa baino askoz hobeto
ezagutzen du Beizama
har ezazue besarkada bat
herri osoak emana
herri osoaren bihotz barrutik
zuen bihotzera doana”.

Eskola berreskuratzeko itxaropena

Omenaldi ekitaldian lehen hitza Begoña Garmendia udaleko ordezkariak hartu du, gaurko antolatutako saioaren nondik norakoak azalduz. Gaineratu du Beizamako eskola itxita badago ere, badutela itxaropena aurrera begira eskola izateko, bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Etorlurrek Beizaman etxebizitzak eraikitzeko dituzten proiektuak aipatuz. Beizamako Udalak uste du, landa eremua bizirik nahi bada, ezinbestekoa dela oinarrizko zerbitzuak izatea, eta, horien artean, eskola nahitaezko osagaia da. Garmendiak landa eremuetako eskola txikien aldarria egin du, "komunitate txikien kohesiorako tresna nagusietako bat" delako eta "herriaren bizitza suspertzen" laguntzen duelako.

Beizaman eskola zenaren aurreneko aztarnak XVIII. mendekoak direla aipatu du Garmendiak: "Agiri batean azaltzen da azpeitiar batek Beizamako eskolako irakasle plaza eskatu zuela". Agiri hori erakusgai jarri dute udaletxean gaur ireki duten erakusketan.

Garmendiak hitzartzea bukatu ondoren, Beizamako eskolako ikaslea izandako eta gaur egun Beizamako alkatea den Pedro Otaegik hitz egin du, omenaldi ekitaldira joandako herritar denak eskertuz. Gonzalezen ikaslea izan zela gogoratu du Otaegik: "Irakasle oso ona zen, bere ikasleak zaintzen zekiena, bai eskola barruan zein kanpoan. Ikasgela barruan zorrotza zen eta ez zuen barkatzen, baina ikasgelatik kanpo ikasleokin ibiltzen zen pilotan edota futbolean, atezain edota epaile". Maisua Beizamako herriarentzako pertsona berezia izan zela nabarmendu du Otaegik, herriaren alde lan asko egindakoa: "Askotan, gauetan ere lanean jarduten zuen, herriko ikasleek eskolaz kanpo ere ikas zezaten".

"Esperientzia zoragarria"

Gonzalezek euskaraz egin ditu bere lehen hitzak gaurko Beizamako ekitaldian, baina gaztelaniaz jarraitu du. Irakasle aritzeko Beizamako eskola zergatik aukeratu zuen azaldu du aurrena, eta haren arabera, lanpostuaz gainera bizitzeko etxebizitza eskaintzen zituen Beizamak, eta landa inguruneko herri itxiki bat izanda, herritarrekin gertuko harremana izateko aukera zegoen. Hori guztia gustukoa zuen eta "jende umilarekin" aurkitu zen Beizaman. 1969 urtean hasi zen maisu Beizamako eskolan.

Euskara jakin gabe iritsi zen Beizamara, eta pixkanaka-pixkanaka baserri guztietara sartzen hasi zela azaldu du Gonzalezek. "Emazteak eta biok herriko jende guztiarekin genuen harremana, eta oso gustura bizi ginen bertan", esan du. Euskara pixka bat irakatsi zion herritar bat ere ekarri du gogora. "Etxenagusi baserrikoa zen hura. Nik gaztelania irakasten nion hari eta hark niri euskara, hala nola, baina elkar ulertzera iritsi ginen. Herriko epailea zen hura, herritarren artean bakea jartzen saiatzen zena, behintzat".

Beizamako eskola txikia zela gogoratu du maisu izandakoak, adin desberdinetako ikasleek elkarrekin ikasten zutena. "Taldeka banatzen nituen ikasleak, eta talde bakoitzak egin beharreko lanak prestatzen nituen bezperan. Era horretan, eskolara joandakoan bazekiten zer lan zuten egiteko", kontatu du. "Lanak behar bezala egiten ez zituenari errieta egiten nion, gauzak ondo egin behar zirelako", aitortu du.

Ikasteko bakarrik ez, jolaserako tartea ere hartzen zuten eskolan. Gonzalezek esan du jolaserako zuten toki bakarra elizpea zela, eta han pilotan, futbolean... ibiltzen zirela. "Batzuetan jolas ordurako ordu erdia luzatu ere egiten zitzaigun...", erantsi du gustura ibiltzen zirela azalduz. Gonzalezek irakasle gisa zuen helburu bakarra "ikaslea irabaztea" zela adierazi du. "Ikasgelan eta ikasgelatik kanpo ikasitako horrek etorkizunerako balio izaten duelako. Gainera, landa eremuko eskolak politak dira, oso aberatsak".

Ikasleak ez ezik, herritarrak ere oso gogoan ditu Gonzalezek. Igandetako mezaren jabe ere egin zirela aitortu du. "Organoa pixka bat jotzen ikasi nuen, eta hiru abeslari trebe etortzen ziren mezatara abestera: Urkiko Iñaki, Etxebeste Labaka eta Tolosako beste bat. Meza osoa zoragarri kantatzen genuen, eta euskaraz. Hori bai ikasi nuela euskaraz, meza osoa!". Beizama harentzako "esperientzia zoragarria" izan zela esanez eskertu ditu herritarrak.

Erakusketa ireki dute

Omenaldi ekitaldia bukatu ondoren, Gure memoriaren eskola izenburuko erakusketa zabaldu dute gaur, Beizamako udaletxeko batzar aretoan. Beizamako eskolarekin zerikusia duten argazkiak, artxiboko dokumentuak eta objektu zaharrak jarri dituzte erakusgai, Beizamako eskolako ikasle izandakoen laguntzarekin. Urriaren 7ra arte egongo da zabalik erakusketa ostegun arratsaldeetan eta igande goizetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide