Euskarazko ahozko sorkuntza ardatz, 'Ahots baten' sormen egonaldia egin dute Beizaman

Maialen Etxaniz 2024ko urtarrilaren 9a

'Ahots baten' sormen egonaldia, Beizaman. (Euskaltzaindia)

Guztira, Euskal Herriko lurralde guztietako 32 gazte bildu dira Beizaman abenduaren 26tik 30era. Bertan, askotariko jarduerak eta ekintzak egin dituzte, eta diziplina desberdinetan aritzen diren artisten bisitak jaso dituzte. Egonadian egon dira, besteak beste, Nerea Ibarzabal, Beatriz Egizabal, Gaizka Sarasola, Martxel Rodriguez eta Oier Zuñiga. 

Gabonetako oporraldian, abenduaren 26tik 30era, euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartuta, adierazpide ezberdinak esperimentatzeko bilgune izan da Beizama; izan ere, Ahots baten sormen-egonaldia egin dute han abenduko azken hondarretan. 

Guztira, Euskal Herriko lurralde guztietako 32 gazte bildu dira Beizaman, sormen egonaldian. Amaia Elizagoienek, Aner Peritzek, Itziar Telletxeak eta Oihana Aranak osatu dute antolaketa taldea eta hezitzaile lanetan aritu dira Aitor Bizkarra eta Aitor Tatiegi bertsolariekin batera. Halaber, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolarien, Beatriz Egizabal umoregilearen, Gaizka Sarasola antzerkigilearen, Martxel Rodriguez dantzariaren eta Oier Zuñiga aktorearen bisitak jasoko dituzte.

Sormen egonaldian egon den gazteetako bat da Garazi Uriarte, eta haren hitzetan  "asko sentitzeko lekua" izan da Beizaman sortu dutena; beste bat da Iñaki Lekuona, eta horren hitzetan, "intentsoa eta ona" izan da esperientzia. Lau eguten zehar, askotariko ekintzak eta jarduerak egin dituzte egitasmoan parte hartu duten gazteek eta artistek. 

Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren eskutik antolatzen du Ahots baten, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen laguntzaz.

Hona hemen Euskaltzaindiak egonaldiaz egin duen laburpen bideoa:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide