Kalean da Beizama, Gipuzkoako erdigunea argazki liburua. Joan zen abenduaren 30ean aurkeztu zuten lana Beizamako Natur Eskolan, eta jende ugari bertaratu zen aurkezpen ekitaldira. Besteak beste, bertan izan ziren udaleko ordezkariak, liburuaren egileak eta adin tarte desberdinetako herritarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beizamako Udalak lagundu dute proiektua, besteak beste, eta Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak ondu dute.
Liburuan, herrian ezagun izandako ohiturak, jardunak, jai egunak, txokoak, baserriak, pertsonak, herri sinesmenak eta askotariko pasarteak daude jasota, hitzez nahiz irudiz. Peio Otaegi Beizamako alkateak liburuaren hitzaurrean adierazi bezala, liburuari esker, "XXI. mende honetan bultzaka datozen belaunaldiek orain dela hamarkada batzuk arte gure herrian nola bizi izan den bertatik bertara, bitartekorik gabe, ezagutu ahal izango dute". Alkatearen hitzetan, "gure bizimodu autarkikoek, gure jarduera tradizionalek, gure lanbideek, gure herri erlijiotasunak, komunikatzeko, dibertitzeko, ospatzeko, adierazteko, janateko moduek, horiek guztiek osatzen dute gure nortasuna, herri eta etnia gisa".
"Gipuzkoako erdigune geografikoa baino zerbait gehiago gara. Gure baserrietan, gure herrietan eta gure ohituretan, Euskal Herriaren esentzia ere badago, oso modu berezian, honaino ez baitira iritsi orain arte behintzat, beste leku batzuetara egin duten erraztasunarekin, eragin eta kultura kutsatzaileak. Horregatik garrantzitsua zen harrotasunez betetzen gaituen esentzia eta identitate hori jasotzeko ahalegina egitea, garrantzitsua zen bere oroimena gehiago desitxuratzea saihestea, are gehiago ahaztea. Liburu honetako orrialdeak, eta esker onez diot, behar horretan laguntzera etorri zaizkigu", dio Otaegik liburuaren hitzartzean. Era berean, nabarmentzen du "beizamar ororen arrakasta" dela liburua.
Liburuan jasotakoak
Bildumazale edizioa du liburuak, eta 478 unitate argitaratu dituzte. Tapa gogorra, larru gorrizko bizkarra eta holandar erara enkuadernatuta dago, marfil koloreko arte papera du, liburuko kantuak gorriz margotuta daude eta hari gorriz josiak. Orain, udaletxean jarriko dituzte eskuragarri liburuak.
Besteak beste, honako hauek dira landu dituzten gaiak: ogia egitea, gazta egitea, taloak egitea, txakolina egitea, txerria hiltzea, elikagaiak kontserbatzea, abereak elikatzea, ermitak, eskola, gerra, aurrerapenak, sendatzeko moduak, jolasak, ikazkileak eta karegiak, otarregintza, elikagaiak bedeinkatzea, jai egunak...
Beizamako udalerrian, Agina eta Aginagatxo baserrietatik gora joanda, 770 metroko altitudean, pagoen eta pinudien artean, dago Gipuzkoaren erdigune geografikoa. Oso jende gutxik ezagutzen du kokaleku zehatza. Bitxikeria hori eraman dute argazki liburuaren izenburura Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak. Ugari dira bi egile horiek ondu dituzten argazki eta biografia liburuak.