Beizama, Gipuzkoako erdigunea argazki liburua aurkeztuko dute abenduaren 30ean, larunbatez, Beizamako Natur Eskolan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beizamako Udalak lagundu dute proiektua, besteak beste, eta Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak ondu dute. Liburuaren aurkezpen egunean emango dituzte egindako lanaren inguruko xehetasunak, eta orduan jarriko dituzte salgai liburuak aurrenekoz. Argazki liburuaren aurkezpena irekia izango da, eta 18:00etan hasiko da.
Aurkezpen ekitaldiaren ostean eskuratu ahal izango diren liburuak kostu prezioa izango dute, hau da, 50 eurotan egongo dira salgai. Ondoren horien prezioa igoko dutela jakinarazi dute. Erreserbak aurkezpenaren aurretik udaletxearen bitartez egin daitezkeela jakinarazi dute. Bildumazale edizioa du liburuak, eta 478 unitate argitaratu dituzte. "Tapa gogorra, larru gorrizko bizkarra eta holandar erara enkuadernatuta dago, marfil koloreko arte papera du, liburuko kantuak gorriz margotuta daude eta hari gorriz josiak", aurreratu dute.
Beizamako udalerrian, Agina eta Aginagatxo baserrietatik gora joanda, 770 metroko altitudean, pagoen eta pinudien artean, dago Gipuzkoaren erdigune geografikoa. Oso jende gutxik ezagutzen du kokaleku zehatza. Bitxikeria hori eraman dute argazki liburuaren izenburura Fernando Hualdek eta Joseba Urretabizkaiak. Ugari dira bi egile horiek ondu dituzten argazki eta biografia liburuak.