Ahots Baten IX. edizioan izena emateko aukera zabaldu dute, eta parte hartzeko asmoa dutenek horretarako aukera izango dute abenduaren 10era arte. Sormen egonaldia abenduaren 26tik 30era egingo dute Beizamako aterpetxean, eta bertsolaritzan, antzerkian, kantagintzan eta literaturan aritzen diren 15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzendutakoa izango da.
"Sormen adierazpide ezberdinak probatu eta gazteen arteko harreman sareak eratzeko egonaldi ederra da Ahots Baten". Bertan jardungo dute hezitzaile lanetan Aner Peritz, Amaia Elizagoien, Itziar Telletxea, Oihana Arana, Aitor Bizkarra eta Aitor Tatiegi bertsolari eta sortzaileek. Halaber, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolarien, Beatriz Egizabal umoregilearen, Gaizka Sarasola antzerkigilearen, Martxel Rodriguez dantzariaren eta Oier Zuñiga aktorearen bisitak jasoko dituzte.
Euskaltzaindiak antolatu du egonaldia, Mintzola egitasmoaren baitan eta Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Egonaldiak 130 euro balioko ditu eta honako lotura honetan eman daiteke izena.