Elizaldeko Maritxu eta Oteiko Izaskun izan dira Beizamako patata tortilla lehiaketako irabazleak

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 1a

Beizaman sanpedroak ospatzen ari dira egunotan. Aurtengo sanpedroetako patata tortilla txapelketan hamabi bikote edota hirukotek parte hartu dute. Bihar iluntzera bitartean izango du segida festak.

Atzo, San Pedro bigarrenez, arratsaldean udaletxeko balkoitik Pello Otaegi alkateak suziriak bota, eta hasi zituzten atzorako prestatutako jaietako ekintzak Beizaman. Hamabi taldek parte hartu zuten patata tortilla txapelketan, eta irabazleak Elizaldeko Maritxu eta Oteiko Izaskun izan ziren, eta alkatearen eskutik jaso zuten saria.

Patata tortillako lehiaketako partaideak lanean ari ziren bitartean, Azpeitiko Kantu Jira taldekoek girotu zuten Beizamako plaza beren kantuekin.  Behin txapelketako sariak banatu zituztenean, Beizaman bildutako guztiek afari merienda egiteko aukera izan zuten, sagardoa txotxetik edanez.

Gaur eta bihar ere festek segida izango dute Beizaman.

Gaur, larunbata

10:00. Mendi irteera eta hamaiketakoa.

16:30. Karta lehiaketaren finala.

21:00. Herri afaria.

Ondoren, Ander DJaren emanaldia.

Gauerditik aurrera, gazteentzako eta helduentzako jolasak.

Bihar, igandea

10:15. Meza.

11:00. Azoka.

11:00. Pilota partidak.

Egunean zehar, Itzeder eta Txibilter trikitilarien emanaldia.

17:30. Aizkora desafioa eta harri jasotze saioa.

21:00. Festen bukaerako afaria.

Iluntzean, festen bukaerako traka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide