Egitarau oparoarekin iritsiko dira San Pedro jaiak Beizamara

Julene Frantzesena 2023ko ekainaren 26a

Biezama.

Askotariko ekintzak antolatu dituzte ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitarterako. Besteak beste, magia ikuskizuna, umeentzako jolasak, trikitilarien emanaldiak, puzgarriak, patata tortilla lehiaketa, kantu jira, azoka, herri kirol erakustaldia nahiz afaria izango dira.

Sanjoanak igarota, ate joka dira San Pedro jaiak, eta Beizamako herritarrek dagoeneko prest dute festetarako egitaraua. Askotariko ekintzak antolatu dituzte ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitarterako, hala nola magia ikuskizuna, umeentzako jolasak, trikitilarien emanaldiak, puzgarriak, patata tortilla lehiaketa, kantu jira, azoka, herri kirol erakustaldia nahiz afaria.

Patata tortilla lehiaketa, esaterako, ostiralean egingo dute, 18:30ean hasita. Parte hartzaileen artean bi afari zozkatuko dituzte, eta sari banaketa eginda, bertako produktuak eta txotxeko sagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek.

Jaietako azken egunean, berriz, 11:00etan hasita, pilota partidak izango dira frontoian. Benjamin mailako partida Larrañagak eta Erasok jokatuko dute, Aranbarrirekin eta Goenagarekin. Aldiz, kimu mailako norgehiagokak Barrutiabengoak eta Lizarraldek jokatuko dute Zubizarretaren eta Peñagarikanoren aurka. Hirugarren partidak, berriz, infantilek jokatuko dituzte: Ansola eta Urrestilla ariko dira nor baino nor.

Arratsaldean, berriz, 17:30etik aurrera, aizkora desafioa eta harri jasotze erakustaldia izango dira. Eneko Otaño, Julen Alberdi Txikia IV.a, Mugerza eta Mikel Larrañaga ariko dira aizkoran, eta harri jasotzen, aldiz, Olaia Esnaola eta Ane Zinkunegi.

Honako hau da San Pedro jaietarako prestatu duten egitaraua:

Ekainak 29, osteguna

11:00. Meza.

12:00. Festen hasierako suziria.

12:30. Iago magoaren ikuskizuna.

14:00. Jubilatuen bazkaria.

17:00. Ume jolasak eta merienda.

Egunean zehar, Lidia eta Leire trikitilarien emanaldia.

Gainera, umeentzako puzgarriak frontoian.

 

Ekainak 30, ostirala

18:30. Patata tortilla lehiaketa.

Arratsaldean, kantu jira.

20:00. Sari banaketa ekitaldia eta afari merienda bertako produktuekin eta txotxarekin.

 

Uztailak 1, larunbata

10:00. Mendi irteera eta hamaiketakoa.

16:30. Karta lehiaketaren finala.

21:00. Herri afaria.

Ondoren, Ander DJaren emanaldia.

Gauerditik aurrera, gazteentzako eta helduentzako jolasak.

 

Uztailak 2, igandea

10:15. Meza.

11:00. Azoka.

11:00. Pilota partidak.

Egunean zehar, Itzeder eta Txibilter trikitilarien emanaldia.

17:30. Aizkora desafioa eta harri jasotze saioa.

21:00. Festen bukaerako afaria.

Iluntzean, festen bukaerako traka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide