Beizaman ere aurkeztu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa

Mailo Oiarzabal 2022ko urriaren 17a

Irailaren 30ean Errezilen egin zuen protokoloaren lehen aurkezpen saioa Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak, eta joan den ostiralean Beizamaren txanda izan zen. "Giro ederra" eta "gizonen parte hartze handia" nabarmendu ditu mankomunitateak Beizamako saiotik.

Bi urteko lanketa eta gero, Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateak joan den irailaren 30ean aurkeztu zuen lehen aldiz jendaurrean Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa. Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur dira mankomunitatea osatzen duten lau udalerriak, eta Errezilen egin zuten lehen aurkezpen hura. Haren aurretik jakinarazi bezala, Saiazek herriz herri egingo ditu protokoloa gizarteratzeko aurkezpena.

Horrela, joan den ostiralean, urriaren 14an, Beizaman egin zuten protokoloa aurkezteko saioa. Udaletxe azpian, emakume zein gizon elkartu ziren aurkezpen saioan. Hain zuzen ere, "giro ederra" eta "gizonen parte hartze handia" dira Saiazekoek Beizamako aurkezpenaz nabarmendu dituztenak. Gainera, elkartutakoek gaiarekin lotutako proposamenak egin zituztela aipatu dute mankomunitateko ordezkariek, eta horiek jasota gelditu direla ere bai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide