Kazetaria da Jon Leunda (Beizama, 1970), Gara egunkarian nahiz Geuresport aldizkarian lan egin izan du, baina azken boladan, ofizio hori nahikoa alboratuta dauka. Dena den, ofizioaz harago, afizioa ere badu kazetaritza, eta bada esku artean duen beste proiektu bat, denbora librean eta gustuz gauzatzen duena: Urola Erdiko futbolariak izeneko orrialdea sortu du Facebook sare sozialean, eta han biltzen ditu hainbat eta hainbat futbolariri egindako elkarrizketak.
Nolatan hasi zinen proiektu horrekin?
Gipuzkoako futbolariak izeneko beste kontu bat daukat Facebooken: konfinamendu garaian, Gipuzkoako 300 atezaini egin nizkien elkarrizketak, eta orrialde horretan bildu nituen. Kontu horrek martxan jarraitzen du oraindik. Dena den, Beizamakoa izanda, Urola Erdiko futbolariekin ere zerbait egitea nahi nuen, Azpeititik Zumaiarako tarte horretako kirolariekin; izan ere, lehen hori zen Urola bailara. Ondo kontrolatzen dudan jendea ere herri horietakoa da, eta horiekin egin nahi nuen zerbait. Neskak eta mutilak elkarrizketatzea erabaki nuen, eta goiko taldeetan edo talde horietako harrobietan ibilitakoekin hasi nintzen: Reala, Eibar, Athletic, Osasuna... Nesketan, Oiartzun eta Añorga izan dira beti Gipuzkoako erreferentziak. Talde horiek zapaldutako kirolariak elkarrizketatzeaz gain, Gipuzkoako, Euskadiko nahiz Espainiako selekzioetan ibilitako jende dezenterekin ere hitz egin dut.
Goi mailako taldeetan ibili direnak aukeratzen dituzu elkarrizketatzeko, beraz.
Bai, baina denetarik dago. Batzuek ibilbide luzea egin dute goi mailan, eta beste batzuek, agian, kadete mailan bakarrik jokatu dute talde horietan.
Nola izan ohi da futbolariak elkarrizketatzeko prozesua?
Behin norbait elkarrizketatzea bururatuta, haren kontaktua lortu behar izaten dut. Ondoren, pertsona horrek baietz esan behar dizu; izan ere, badaude arrazoi ezberdinengatik elkarrizketari ezetz esaten diotenak. Ez dut aukeraketa zehatz bat egiten, neure ezagutzaren arabera deitzen diot bati edo besteari.
Noiz hasi zinen eginkizun horretan?
Udaberrian. Aurreneko elkarrizketa Iñaki Garmendiari egin niola uste dut; hura Realean ibili zen jubeniletan, eta gero, Melillan jokatu zuen. Aste Santu bueltan egin nion hari elkarrizketa, eta asmoa da uztailaren bukaeran amaitzea elkarrizketekin. Guztira, ehun bat futbolari pasa izango dira ordurako elkarrizketatuko ditudanak.
Zer erantzun jaso duzu?
Elkarrizketatuetako batzuk futbolari profesionalak izandakoak dira eta egun 50 urtetik gora dituzte, eta horiei sekulako ilusioa egien die nire deiak. Gazteagoek edo hain gora iritsi ez direnek, berriz, ez dute elkarrizketa egiteko halako grinarik. Denetarik dago.
Ezezko asko jaso al dituzu?
Batzuek eman didate ezezkoa, baina gehienek baietz esan didate. Bakoitzak bere bizipenak kontatzea da proiektuaren helburua. Irakurleen aldetik, jende anonimoagoaren elkarrizketak gehiago irakurtzen direla nabaritu dut. Hau da, elitean ibili diren futbolariak kontrolatzea errazagoa da; Googlen haien izenak jartzea nahikoa da haiei buruzko informazioa aurkitzeko. Baina badira beste batzuk oso maila onean ibili direnak eta hain ezagunak ez direnak, eta askoz ere jende gehiago sartzen da haien elkarrizketak irakurtzera nire Facebook orrialdera.
Zer kontatu ohi dizute elkarrizketatuek?
Denek dituzte futbolari lotutako oso oroitzapen onak; denek onartzen dute gauza asko eman dizkiela futbolak. Baina, horretaz aparte, denetarik dago: batzuk oso umeak zirela –12-13 urterekin– iritsi ziren eliteko talde batean jokatzera, eta horiek onartzen dute agian ez zeudela prest horrek eskatzen zuen ardurari eta presioari aurre egiteko. Adin horretan egiten diren ilusioak zapuzten direnean, sekulako kolpea jasotzen dela diote ibilbide laburra egitea tokatu zaienek. Goraino iritsi direnek, bestalde, garbi esaten dizute diziplina handia behar dela maila horretan segitzeko. Azken horiek nabarmentzen dutenez, kontua ez da ona izatea bakarrik, diziplina handia eta zortea behar dira maila horretan mantentzeko. Batez ere, hori nabarmentzen dute: norberak asko jarri behar duela goi mailan futbolean aritzeko.
Zergatik ari zara egiten bilketa Facebooken, eta ez beste euskarri batean?
Atezainen orrialdea egin nuenean, banuen gero elkarrizketa horiek liburu batean biltzeko asmoa. Baina liburu bat egiteko aurrekontu oso handia behar da, eta ez dago jakiterik liburua zenbat irakurriko den. Proba egin dut Facebooken, eta ikusi dut jende asko sartzen dela elkarrizketak irakurtzera. Aste batean, 5.000-6.000 pertsona sartzen dira, gutxi gorabehera, Urola Erdiko futbolariak orrialdera. Oraingoz, ez daukat libururik egiteko asmorik. Alde batetik, zaila da, eta bestetik, ikusten dut oso erraz lortzen dela gauzak irakurtzea liburu bat erosi gabe. Beraz, ez dakit zenbateraino merezi duen.
Zergatik futbolarien elkarrizketak? Oso futbolzalea al zara? Eta eliteko futbolaz gain, herri mailako futbola jarraitzea gustatzen al zaizu?
Bai, futbolzalea naiz, eta areto futbola ere asko gustatzen zait. Urola bailaran ez dago areto futbolerako zaletasunik, baina Tolosaldean bizi naiz ni, eta han, berriz, sekulako zaletasuna dago. Eliteko futbola jarraitzeaz gain, libre nagoenean, edozein futbol partida ikustea gustatzen zait: Erregionalen partida bat ikus dezaket, eta Lehen Mailako partida bat baino gusturago, agian. Uste dut hori dena baloratu behar dela. Gaur egun, badirudi elite mailakoa bakarrik dela kirola, baina nire ustez, kirola gustatzen bazaizu, dena gustatzen zaizu: eliteko partida bat nahiz umeen neurketak ikustea. Pena da herrietako taldeek zenbat galdu duten ikustea: oso jende gutxi joaten den da haien partidak ikustera, eta gero eta arreta gutxiago pizten dute. Nik horren kontrakoa pentsatzen dut: futbola ez da elitea bakarrik; herrietan hasten da futbola. Gipuzkoan Reala eta Eibar dira gailurra, baina horien azpian talde asko daude, eta uste dut garrantzitsua dela horiek jarraitzea.
Kazetaria zara berez, baina afizio gisa egiten dizkiezu futbolariei elkarrizketak, ezta?
Bai, ordu libreetan egiten ditut, eta gustuz. Nire iraganera itzultzeko modu bat ere bada proiektua; izan ere, Herri Irratian hasi nintzen lanean, eta orduan, Reala, Real Union, Eibar... jarraitzen genituen. Talde horietan zebiltzan jokalari dezente daude orain egiten ari naizen bilketan, eta niretzat oso ariketa polita da urte asko eta gero berriro haiei elkarrizketak egitea.