San Pedro egunarekin hasi dira Beizaman festak ospatzen

Mailo Oiarzabal 2022ko ekainaren 29a

Eguerdian bota dute jaien hasierako suziria, eta Iago Magoren ikuskizuna izan dute udaletxe azpian. Jubilatuen bazkariaren ondoren, ume jolasak eta merienda izango dituzte arratsaldean. Bihar atseden hartuko dute, eta ostiraletik igandera jarraituko dute sanpedroak ospatzen.

San Pedro eguna da gaur, eta zaindariaren egunarekin hasi dira Beizaman herriko festak ospatzen. Eguerdian, batzuk San Pedro eguneko elizkizunera sartzen ari ziren bitartean, bota dute jaien hasierako suziria udaletxeko balkoitik. Janire Ugartemendia, Beizaman jaio den azken haurraren ama, izan da festen hasiera iragartzeko lehen suziria bota duena. Suziri gehiago etorri dira haren ondotik, Pedro Mari Otaegi alkatearen eta herritarren eskutik.

Suzirien ondoren, berriz, jaietako lehen ikuskizunaren txanda iritsi da. Iago Magok harridura aurpegiak, barreak eta txaloak atera dizkie udaletxe azpiko arkupean bere magia ikuskizunaz gozatzera elkartu diren haurrei zein helduei.

Jubilatuen bazkaria ere gaur egin dute, eta arratsaldean umeentzako jolasak, puzgarriak eta merienda izango dituzte Beizaman, 17:00etatik aurrera; eta festa girotzeko, baita trikiti eta pandero doinuak ere, Lidiarekin eta Leirerekin.

Bihar, aldiz, atseden hartuko dute, ostiralean berriro egitarauari berrekin eta igandera bitartean sanpedroak ospatzen jarraitzeko. Hau da uztailaren 1etik 3ra Beizaman izango duten festa egitaraua:

Uztailak 1, ostirala.

18:30. Patata tortilla lehiaketa. (Parte hartzaileen artean bi afari zozkatuko dituzte)

20:00. Sari banaketa eta afari merienda bertako produktuekin eta txotxarekin.

Arratsaldean zehar, Andoni Ollokiegi.

Uztailak 2, larunbata.

10:00. Mendi irteera eta hamaiketakoa.

16:30. Karta joko txapelketako finala.

21:00. Herri afaria.

Ondoren, Leinup DJa.

Gauerditik aurrera, helduen jolasak.

Uztailak 3, igandea.

10:00. Meza.

11:00. Azoka, herriko eta kanpoko produktuekin.

11:00. Pilota partidak.

  -Benjaminak: Iraun Barrutiabengoa – Adei Lizarralde / Unai Reyes – Erlo Urbistondo

  -Kimuak: Ansola – Peñagarikano / Arsuaga – Urrestilla

  -Infantilak: Urrestilla – Aranguren / Iturralde – Revuelta

Egunean zehar, trikitilariak: Itzeder, Txibilter eta Montte.

18:00. Herri kirolak.

  -Aizkora desafioa: Eneko Otaño – Txikia / Atutxa – Mikel Larrañaga.

  -Harri jasotzailea: Olaia Esnaola.

21:00. Festen bukaerako afaria.

Iluntzean, festen amaierako traka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide