Ekainaren azken egunekin eta uztaileko lehen asteburuarekin itzuliko dira Beizamara San Pedro jaiak, baina asteburu honetan izango dute herrian festen atariko bat. Izan ere, punttu, eskoba eta mus txapelketak antolatu dituzte, besteak beste, sanpedroetarako, eta jaien barruan jokatuko dituzten finaletarako sailkapen kanporaketa igande honetan, ekainaren 19an, izango da.
Hain zuzen ere, karta joko txapelketetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena eta antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte festetako ekintza horretan parte hartzera. Tabernan, udaletxe azpian jarritako orrian edo Whatsappez udalaren telefonora idatzita eman daiteke izena, igandeko 14:30ak baino lehen. Ordubete geroago, 15:30ean, hasiko dira kanporaketak jokatzen.
Punttu, eskoba eta mus finalak, berriz, uztailaren 2an jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. Beizamako ostatuan bi lagunentzako otordua zozketatuko dute antolatzaileek parte-hartzaile guztien artean.