Igaratxoko eta Sarasolako Erdi Aroko errotak ezagutzeko parada izan dute gaur, igandea, Beizaman. Lurraldeko beste hainbat txokotan moduan, Beizaman ere Gipuzkoako Erroten Eguna izan da gaur, eta Sergio Diezek eta Javi Castrok bi errota horien inguruko xehetasunak eman dituzte bisita gidatuan, arkeologiaren, antropologiaren eta etnografiaren ikuspegitik ez ezik, baita bailarako pertsonen bizitzan izan zuten garrantziaren ikuspegitik ere.
Eguraldia lagun, 55 pertsona inguru batu dira Beizamako plazan. Handik oinez joan dira Sarasola baserriraino, eta han zain zegoen Sergio Diez azalpenak emateko. Bi taldetan banatu dira denak batera sartzen ez zirelako, eta Diezek Sarasolako errota elektrikoa eta trilladora erakutsi dizkie bertaratu direnei. Sararolako Elustondo familiak prestatuko txistorra pintxo goxoak jan ondoren, Sarasolako baserriaren behean dagoen Igaratxo errotaren aztarnak ikustera joan dira, eta Diezek azalpenak eman dizkie bertan. 13:30ak aldera bukatu da bisita.
Diezek eta Castrok urtebete baino gehiago daramate Beizamako erroten inguruan ikertzen, eta egindako azterketaren arabera, 1550. urterako bazegoen Igaratxoko errota, eta agian, lehenago ere bai. Urte askotan errota gisa soilik baliatu ostean, 1919. urtean argindarra sortzeko erabiltzen hasi ziren gunea –errota ere mantenduz–, eta 1968. urtera arte jarraitu zuten horretan. Udalaren arabera, "oso kasu berezia" da Beizamakoa, jatorrizko errotan ez zutelako ia aldaketarik egin argindarra sortzen hasi zirenean.
Ostiralean, hitzaldia
Era berean, ostiralean hitzaldia eman zuten Diezek eta Castrok Natur Eskolan, gai beraren inguruan. Beizamako Udalak azaldu duenez, ostiraleko saioa "oso interesgarria" izan zen, eta 30 bat lagun bertaratu ziren. Bi hizlariek Sarasolako eta Igaratxoko errotei buruz egin duten azterketa lana azaldu zuten, eta ondoren, jendeak galdera dezente egin zizkien bi ordu inguru iraun zuen ekitaldian.