Kirol instalazio berria dute Beizaman; hain zuzen ere, gimnasioa zabaldu dute gaur bertan. Natur Eskolaren eraikinean egokitu dute gunea, beheko solairuan. Askotariko tresnak daude bertan: bizikletak, korrika egiteko zintak, pisuak... Herritar guztientzat egongo da erabilgarri gimnasioa gaurtik aurrera, egunero, astelehenetik igandera, 06:00etatik 22:00etara.
Instalazio horiek erabili ahal izateko, ezinbestekoa da bazkide gisa izena ematea. Horretarako, izen emate orria bete eta udalean entregatu beharko da. Nahikoa da familia unitate bakoitzeko izen emate orri bat betetzea, bazkide egingo diren familia unitateko kide guztien datuekin.
Gimnasioaren kuota doakoa izango da, baina hara sartzeko giltza zortzi euro ordaindu beharko da; bazkide edo familia unitate bakoitzak ordaindu beharko du kopuru hori. Ordainketa eskudirutan egin beharko da, udaletxean. Ordainketa egin ostean, bazkide bakoitzari giltzaren kopia bat emango diote.
18 urtetik gorakoentzat
Udalak azaldu duenez, egungo legediaren arabera, 18 urte edo gehiago izatea beharrezkoa da gimnasioa erabiltzeko. Beraz, 16-18 urte bitartean dituztenek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute.
Beizaman erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute gimnasioa erabiltzerakoan; ondoren, Beizaman bizi diren eta erroldatu gabe dauden bazkideek, eta azkenik, Beizamakoak ez diren bazkideek. Udalak gogorarazi du instalazioak mantentzea eta ondo erabiltzea "herritar guztien erantzukizuna" dela.