Euriteek eraginda, lur jausia gertatu zen igandetik astelehenera bitarteko gauean Beizaman. Gertaerak irudi ikusgarriak utzi zituen, baina horrez gain, kalteak eragin ditu errepidean. Gaur-gaurkoz, oraindik konpondu gabe dago arazoa. Hain zuzen ere, errepidea garbitzeko lanetan ari dira, eta hainbat egunetan itxita egon da errepidea luizia izan zen parean. Gaur, ordea, zabalik dago errepidea.
Beizamako herrigunetik gora, Urki baserriaren inguruan, gertatu zen lur jausia. Ezbeharra gertatu eta berehala zabaldu zuten errepidea, baina egun batzuk geroago, berriro itxi zuten, errepidea txukundu nahiz obrak egin behar zituztelako. Egun, hura konpontzeko lanetan ari dira, eta asteazkenaz geroztik, itxita egon da errepidea, gauez nahiz egunez.
Horrek hainbat ondorio eragin dizkie egunotan Beizamako bizilagunei. Urkitik gora bizi direnek ezin izan dute errepide bidez herrigune aldera jaitsi; beraz, Urrakitik bueltan joan behar izan dute Azpeitira. Bestalde, lur jausia gertatu zen eremutik behera bizi direnek Tolosa aldera joateko ezin izan dute zuzenean alde hartara joan; ezinbestean Azpeitira jaitsi behar izan dute.
Obrak amaitu bitartean, errepidea itxita egongo zela iragarri zuten. Zubi guztian itxita izango dela ere jakinarazi zuten, baina gaur-gaurkoz irekita dago berriro errepidea.