Maritxu Arteaga: "Aurten ez dugu ospakizunik izango, baina San Lorentzo ermita txukun-txukun jarri dugu bere egunerako"

Ihintza Elustondo 2021eko abuztuaren 10a

San Lorentzo eguna da gaur, eta Beizaman, meza eta afaria egin ohi dituzte gaurko egunez. Dena den, osasun egoera tarteko, bi urtez jarraian ezin izan dute ospakizunik antolatu. Maritxu Arteagak 36 urte daramatza ekintza horiez arduratzen.

Abuztuaren 10a da gaur, San Lorentzo eguna. Beizaman egun handia izan ohi da gaurkoa, ospakizunak izaten baitira San Lorentzo ermitan. Hain zuzen ere, azken urteotan, meza eta afaria egin dituzte. Maritxu Arteaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1956) sortzez bertakoa ez den arren, Azpeitia eta Beizama artean bizi da, eta 36 urte daramatza ekintza horiek antolatzen. "Penatan" dago aurten, bi urtez jarraian ezin izan dutelako San Lorentzo eguna ospatu, osasun egoera tarteko.

San Lorentzo eguna egun handia izan ohi da Beizaman.

Bai, hala da. Meza egin ohi dugu San Lorentzo ermitan 20:00etan, eta, ondoren, afaria ematen dut Elizalde baserrian. Batzuetan mokadua ere eman izan dut ermitaren kanpoan; ardoa, gailetak eta neuk esnegainarekin egindako pastak banatu izan ditut.

Zer prestatu ohi duzu afaritarako?

Bakailao tortila, frijituak, tomate entsalada, saiheskiak eta flana nahiz arroz esnea postrerako. Azken urteetan hori prestatu izan dut, baina lehen, bakailao tortila, txuleta eta postrean gazta menbrilloarekin nahiz moskatela izaten ziren. Gainera, goizaldera, 02:00 aldera, baratzuri zopa ere eman izan dugu batzuetan.

Lan handia izango da hori dena prestatzea, ezta?

Aurretik lan dezente egin behar izaten dut, bai, baina gero, satisfazio hori hor gelditzen zaizu. Dena den, parrillero bat etortzen zait laguntzera, Ramon Amenabar Xaxurra, eta haren emazteak ere laguntzen dit.

Nolatan hasi zinen San Lorentzo egunez afaria ematen?

Kuadrilla bat berriketan hasi ginen Beizamako tabernan, duela 36 urte. Talde bat osatu genuen zortzi-hamar lagunek, eta pentsatzen genuen San Lorentzo egunez zerbait antolatzen hasi egin behar genuela. Lehen urteetan, tabernako Feli eta Joxemiel hasi ziren afaria prestatzen; nik mahaiak jarri, parrilla ekarri eta halakoak egiten nituen. Handik bi urtera edo, neroni hasi nintzen dena egiten; neu egin nintzen ekintza horren arduradun. Orduan haurdun nengoen, alabaren esperoan; tripa handiarekin eman nion hasiera ohiturari.

Duela 36 urte hasi, eta ez al zara aspertu?

Esaten dut orain pixka bat erlaxatu egin naizela. Pentsa, duela astebete jardun nuen ermita garbitzen. Agina baserriko Pedro Olazabalek lagundu zidan armiarma sareak-eta kentzen. Aurten ez dugu ospakizunik izango, baina ermita txukun-txukun jarri dugu bere egunerako, lore ferskoekin. Sarritan garbitzen dut ermita. Gainera, ermitan urte osoan egoten da argia piztuta, gure baserritik konektatuta; hori Nuarbeko Jose Mari elektrikariak jarri zidan.

Ermitaren kanpoaldea lorez apaindu dute.

Musikaz ere lagundu izan duzue ospakizuna zenbait urtetan.

Hasieran udalak jartzen zuen soinu jotzailea. Norberak bere afaria ordaintzen zuen, baina udalak ordaintzen zuen soinu jotzailea. Azken urteetan, udalak ez du trikitilaririk ekarri; aldaketak izan dira ospakizunean. Gartzako Bixente Alberdi hasi zen soinua jotzen, baina trikitilari gehiago ere etorritakoak dira. Jaione eta Iñaki bertako seme-alabak ere aritu izan dira trikitia jotzen, Jaione soinuarekin eta Iñaki panderoarekin. Apaiza, berriz, Tolosatik eta Azpeititik etorri izan da. Azken urteetan, apaizaren partez Alejo Uranga etorri izan da bere taldearekin.

San Lorentzo ermitaren ondoan dago zuen baserria, Elizalde. Horregatik eutsi al diozu hainbeste urtean tradizioari?

Bai. Aurretik hemengo gurasoek antolatzen zituzten San Lorentzo eguneko ekintzak. Eguerdian meza izaten zen, eta gero, hamaiketakoa. Udaleko jendea-eta joaten zen orduan. Senarraren gurasoen ohitura berreskuratu nuen nik, baina ospakizuna eguerdian egin beharrean, iluntzera aldatu genuen. Eguerdian jende gutxi izaten zen, jendeak lana izaten zuelako.

Beizamako jendea soilik joaten al da ospakizunera?

Gehienak herrikoak izan ohi dira, baina kanpotik ere etorri izan dira batzuk. Azken urteetan, hemezortzi-hogei lagun elkartu izan gara, baina 45 laguni afaria emandakoa ere banaiz.

Pena izango duzu bi urtez gaurko eguna ospatu ezin izan duzuelako...

Bai. Beste batzuek agian ez dute penarik izango, baina ni penatan nago. Ea hurrengo urtean posible den.

Zenbat urtean jarraitzeko asmoa duzu?

Ez dakit. Nahiko zahartzen ari naiz, eta atzetik ez daukat inor jarraituko duenik. Baina oraingoz behintzat, eutsiko diot ohiturari.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide