Bihar izango da Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia, 22:00etan hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Hiru mailatan banatuta jokatuko dute aizkolariek Euskal Herriko Aizkolarien Elkarteak antolatutako lehia: Lehen Mailakoena, Promoziokoena eta Emakumeena. Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia, 1991), Eneko Otaño (Beizama, 1994) eta Mikel Larrañaga (Azpeitia, 1989) Lehen Mailan ariko dira nor baino nor; hurrenez hurren bikotekide izango dituzte urolatarrek Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugertza eta Jexux Mujika.
Erlo Telebistak eta UROLA KOSTAKO HITZAk Izarraitzen bertan elkartu dituzte Larrañaga, Otaño eta Txikia. Gogotsu daude hirurak, eta biharkoari begira dituzten sentsazioak, esperantzak eta pronostikoak azaldu dituzte.