Urrezko Kopara sailkatu dira Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga

Ihintza Elustondo 2021eko uztailaren 11

Julen Alberdi azkoitiarrak ez du lortu abuztuaren 15ean Donostian jokatuko den finalerako txartela. Iker Vicente, Aitzol Atutxa eta Jon Rekondo dira aurrera egitea lortu duten beste hiru aizkolariak.

Aizkolarien Urrezko Kopako sailkapen saioa jokatu zuten atzo, larunbata, Donostiako Trinitate plazan, 19:30ean hasita. Hamabi aizkolari aritu ziren nor baino nor, eta tartean izan ziren eskualdeko hiru: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra. Horiez gain, honako hauek aritu ziren: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Eloy Corchero, Julen Larrea, Ugaitz Mugertza, Jexux Mari Mujika, Jon Rekondo, Juan Rodriguez eta Iker Vicente.

Eskualdeko hiru aizkolarietatik bik lortu zuten Urrezko Koparako txartela; Larrañagak, eta Otañok, hain zuzen ere. Haiekin batera sailkatu ziren Vicente, Atutxa eta Rekondo, eta beraz, bost aizkolari horiek neurtuko dituzte indarrak abuztuaren 15ean Donostian jokatuko den Urrezko Kopan. Aizkolariek 54 ontzako zazpi enbor ebaki behar izan zituzten atzoko saioan; finalean egin beharko dituzten lanen erdia da hori. 

COVID-19ak herri kiroletako egutegian izan duen eragina tarteko, aurten ezin izan dute txapelketa ohi bezala antolatu. Normalean, aurreko urteko Euskadiko Txapelketako lehenengo bost postuetan geratutako aizkolariak lehiatzen dira Urrezko Kopan, baina aurten ez da posible izan, pandemiak herri kiroletako txapelketen egutegian duen eraginarengatik. Horregatik, antolatzaileek erabaki zuten uneko aizkolari onenen artean "hautaketa puntual eta berezia" egitea eta aukeratutako hamabi aizkolarik sailkapen fasea jokatzea. Sailkapen fase horretatik bost aizkolarik egin dute aurrera.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide