Irudiek ez dituzte ahaztuaraziko

Julen Otaegi Leonet 2021eko uztailaren 7a

Erretratu Nomadako argazkilariak herriz herri ibili dira Gipuzkoan zehar, herritarren argazki artxiboa sortuz. Beizaman egin dute azken geldialdia.

Autokarabana baten motor burrunba eta argazki kameraren klisk hotsa. Bi soinu horiek Gipuzkoako zortzi herri txikitan entzun ahal izan dira maiatzetik uztailaren hasierara bitartean, baita Beizaman ere. Han-hemenka ibili ostean, Beizaman amaitu dute ibilbidea Eli Garmendia (Tolosa, Gipuzkoa, 1984) eta Carlos Pericas (Mallorca, Herrialde Katalanak, 1983) argazkilariek.

La Bitxa izeneko autokarabana izan du bikoteak garraiobide, lantoki eta bizitoki. Erretratu Nomada proiektuaren barruan, bi hilabetetan hainbat herri txikitako biztanleen argazki artxiboa sortu dute Garmendiak eta Pericasek; Alkiza, Altzaga, Altzo, Baliarrain, Arama, Orendain, Orexa eta, azkena, Beizama.

Joan den asteko asteartean, ekainaren 29an, iritsi ziren argazkilariak Beizamako plazara, San Pedro egunean bertan. Pericas harrituta geratu zen plazan aurkitu zuenarekin: "Izan dugun iritsiera surrealistena izan zen —zentzu onenean—. Beizamara heldu eta udaletxeko arkupeetan zen bat trikitixarekin, eta, bestea, panderoarekin. Abesti euskaldunak, baita rantxerak ere. Zer demontre! Liluragarria, benetan".

Herria gero eta txikiagoa izan, herritarrei La Bitxa-ra hurbiltzea gero eta gehiago kostatzen omen zaie. Beizamaren kasuan, aldiz, alderantzizkoa izan zen. Lehenengo egunean iritsi eta "bakarrik" sentitu izan ohi dira argazkilariak, herria hutsik aurkitzen dutelako. Beizaman, ordea, lehen unetik bospasei herritar gerturatu zitzaizkien. Une hartantxe ere, ezustekoa: "Herrira helduta, ez dugu inoiz estudioa egunean bertan muntatu. Beraz, etorri zirenean… Kontxo! Eskertzekoa da hori", azaldu du Pericasek.

Garmendiaren arabera ere harrera samurra jaso zuten Beizaman: "Esperientzia polita izan da. Norbait hurbiltzen zaigunean eta herriko kontuak azaltzen dizkigunean, momentu aberasgarria izaten da. Asko estimatzen ditugu halakoak, errezeloarekin begiratzen digutenak ere badira eta. Beti saiatzen gara kontaktu hori izaten, baina".

Lehenago edo geroago bertaratu zaie jendea. Herritar kopuru erdia bezain beste argazki ateratzea izan dute helburu bisitatu dituzten zortzi herrietan, eta guztietan lortu dute gutxiengoa gainditzea. Beizaman 70 erretratura ozta-ozta iritsiko zirelakoan ziren Garmendia eta Pericas —144 biztanle ditu herriak—; 95ekin amaitu zuten igandean beren egonaldia. Herri guztietakoak kontuan hartuta, 1.051 erretratuko artxiboa osatu dute argazkilariek.

Bi hilabete proiektuarekin

Bi hilabete igaro dituzte proiektuarekin, baina duela bi urte abiatu zioten antolatzeari. Lehenik, La Bitxa autokarabana zaharberritu zuten. Horrela deitzen zion bikoteak, "trasto", "kafetera" eta antzekoak tarteko. Pericasek izenaren jatorria argitu du: "Hemen zein Mallorcan erabiltzen da ‘tx’. Urruti badira ere, bat egiten duten zerbait da. Oso naturala izan zen izen hartara iristea".

Behin berrituta, gurpilen gainean bizitzeko aurreko bizimodua utzi zuten, Garmendiak azaldu bezala: "Bizimodua aldatu genuen; hiritik atera eta autokarabanan lanean jarraitzea erabaki genuen. Argi genuen bidean ere argazkiak egingo genituela".

Erretratu Nomada proiektua geroago otu zitzaien. Autokarabanako bizimoduaren "mantsotasunak" bigarren mailako errepideetatik bidaiatzera eramaten zituen. "Herri askotatik pasatzen ginen. Eta beti egiten genuen galdera zen nor bizi ote zen herri horietan. Orduan pentsatu genuen, agian, herrietan gera gintezkeela bertako herritarrei argazkiak ateratzeko. Herriak eta herritarrak ezagutzeko aitzakia izan zen hori".

Gipuzkoako Foru Aldundiaren deialdi batera aurkeztu zuten Garmendiak eta Pericasek ideia, eta "abiada hartu zuen" Erretratu Nomadak proiektuak. Finantzazio kolektiboa biltzeari ekin zioten 2019ko udazkenean, eta hurrengo udaberrian La Bitxa autokaranabara igo eta herriz herri bidaiatzen hasi ziren. COVID-19ak eragindako izurritearen eraginez, urtebeteko geldialdiaren ostean, proiektua joan den udaberrian martxan jartzea erabaki zuten bi argazkilariek.

Udalerriak bisitatu aurretik, herri bakoitzarekin harremanetan jarri ziren bi argazkilariak; era horretan, udaberrirako egutegia prestatuta eduki ahal izateko. "Beizamako Udalari esan genion ea ba al zuen lehentasunik. Segituan erantzun ziguten San Pedro jaietako asteburua haientzat gordetzeko", azaldu du Garmendiak. Tolosaldetik abiatuta, Goierritik igarota, Gipuzkoa erdi-erdian, Beizaman, amaitzea "kasualitatea" izan da.

Aurreragokoak

Erretratu Nomada proiektua ez da orain arte egindako bidean geldituko. Argazkilariek zehaztuta dituzte hurrengo helmugak zeintzuk izango dituzten: Oskako Alquezar eta Kordobako Fueros herriak. Udazken alderako, berriz, Ikaztegietarekin (Gipuzkoa) ere hitzartuta dute bisita. "Orain, pixkanaka-pixkanaka hazten joatea da gure asmoa", kontatu du Garmendiak.

Jaioterria aipatuta, Mallorcan zehar bidaiatxo bat gustu handiz egingo lukeela adierazi du Pericasek: "Iaz ibili nintzen bertako herri txikiak ikertzen, baina udaletxe txikidun herriak baino gehiago dira sakabanatutako auzoak. Baina ez dut baztertzen halakorik egitea, ederra izango litzateke".

"Lehenago edo geroago", baina joan, joango dira; bidaiatzeko asmoa ez die inork kenduko. Gipuzkoako zortzi herritan zehar izandako esperientzia "oso pozik" amaitu du bikoteak. Banan- banan lurrean markatutako "x" gainean jarri, kameraren kliska entzun eta esku artean argazkiarekin ateratzen dira herritarrak. Zortzi horietan ez ezik, bisitatuko dituzten herrietan ere joango dira argazki artxiboa osatzen. La Bitxa-ri, argazki kamerari eta bikotearen ilusioari esker, herri txikiek izango dute etorkizunean atzera begiratzeko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide