Europan arkitekto gazteen lehiaketan bilduko dituzte Beizamako etxebizitza publikoetarako ideiak

Nerea Uranga 2021eko apirilaren 15a

Beizamako Eskolaetxe eremuan eraikiko dituzten gazteentzako alokairurako etxebizitza publikoetarako egitasmoak jasoko ditu Eusko Jaurlaritzak Europan arkitektura lehiaketan. "Ideia berritzaileak" bildu nahi dituzte.

Beizaman Eskolaetxe eremuan eraiki nahi dituzten alokairurako etxebizitza publikoetarako "proposamen arkitektoniko berritzaileak" bildu nahi ditu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Horretarako, Europan arkitekto gazteen nazioarteko
16. ekitaldira aurkeztuko du Beizamako proiektua Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak.
"Etxebizitza produktiboen kontzeptuaren inguruan egindako proposamenak" jaso nahi ditu Jaurlaritzak Beizamarako. Hala zehaztu du erakundeak ohar bidez: "Herri txikietako biztanleriaren zahartzea geldiarazten lagunduko duten ideia arkitektoniko berritzaileak, gazteak erakarriko dituztenak eta herriak jendez hustea saihestuko dutenak da bilatzen ditugunak". Ideia berritzaile horiek bildu ahal izateko aurkeztu dute Beizamako "erronka" Europan arkitekto gazteen nazioarteko lehiaketara. "Hiri eta arkitektura ideien lehiaketa ospetsua da hori, eta bi urtean behin egiten da. Herrialdez herrialde zenbait leku hautatzen dira eta Europa osoko 40 urtetik beherako arkitekto gazteek beren eraikuntza proiektuak egiten dituzte proposatutako toki horietarako", aazladu du lehiaketaren oinarria Eusko Jaurlaritzak.

Europan lehiaketarako Europako Batasuneko proposamenak ebazteko deialdia apirilaren lehenengo astean egin zuten, eta Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailak Beizamakoa aurkeztu du hara; 143 biztanle dituen udalerrian, hango udalak utzitako hektarea erdiko partzelan gazteei zuzendutako alokairurako hamabi etxebizitza publiko eraikitzea da erronka. Europan lehiaketara 40 proiektu aurkeztu dira guztira eta horietako bat da Beizamakoa. Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak esan du bederatzi herrialdekoak direla aurkeztutako proiektuak: "Belgika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Norvegia, Suitza, Austria eta Suedia".

Berritzea helburu hartuta, "alokairurako etxebizitza publikoaren beste kontzeptu bat" garatu nahi dute Beizamarako, hala esan du Pablo Garcia Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura zuzendariak: "Hau da, etxebizitza publikoaren kontzeptu berri honek etxebizitza produktiboaren ideiari erantzun beharko dio, eta hiri eta eraikuntza tradizionalekin, landa ingurunearekin bat datozen bestelako bizimoduak sustatu beharko ditu". Beizamarako duten erronkarekin, herri txikien despopulatzeari aurre egiteko moduak aurkitu nahi dituztela zehaztu du Garciak, "desagertzear dagoen habitata babestea da lortu nahi duguna". Azken batean, bizitzeko eta lan egiteko modu berriak ahalbidetzen dituzten etxebizitza eredu berriak bilatu nahi dituzte Beizamarako, eta xede horrekin aurkeztu dute erronka Europan lehiaketara. "Izan ere, kontzeptu berritzaile horien beharra areagotu egin da COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz", nabarmendu du Garciak.

Abendurako aukeratuta
Beizamako proiekturako arkitekto talde irabazlea datorren abenduan jakinaraziko du nazioarteko epaimahai batek. Gero, aukeratutako egitasmo horrek eraikuntza eta urbanizazio proiektua idazteko eta obra zuzentzeko aginduak jasoko ditu.
Beizamako Eskolaetxe eremuko etxebizitza berriak 2024. urterako eginda izango dituztela aurreikusita du Jaurlaritzak. Alokairu sozialekoak izango dira, eta haietara hautatzeko aukera izateko Etxebiden izena emanda egon beharko da.

Beizaman babestutako etxebizitzak eraikitzeko Bizi Beizaman proiektua jarri zuten martxan Beizamako Udalak eta Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkarteak 2008. urtean. Herrira jende berria erakartzeko eta bertakoa herrian gelditzeko asmoari tiraka, 2020ko uztailean, berriz, udalak eta Eusko Jaurlaritzak Beizamako Eskolaetxe eremuan gazteentzako alokairurako etxebizitza publikoak sustatzeko lankidetza akordioa sinatu zuten. Hitzarmen hori betez, Beizamako Udalak egin eta onartu ditu Urbanizazio Jarduketarako Programa (PAU) eta Birpartzelazio Proiektua, nahiz etxebizitzak eraikiko dituzten lurrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, hark gune horretan alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide