Herriari bizia emateko eta bizilagun berriak hara erakartzeko ahaleginak egiten ari da Beizamako Udala, beste erakunde batzuekin elkarlanean. Despopulatzeari aurre egiteko eta herri txiki batean bizitzeak dituen onurak kontuan hartzeko, ezagutarazteko, garai ezin hobea dela uste dute gainera. Esan besterik ez dago, COVID-19 kasuen proba diagnostikoak egiten hasi zirenetik, kasu positibo bakar bat atzeman dutela Beizaman. Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, gainera, jendeak mendietara eta naturguneetara jo du arnas bila. Hala, Beizama sustatzeko baliabideak jartzen hasi da udala. Batetik, etxebizitza berriak egiteko eta sustatzeko akordioa egin du Eusko Jaurlaritzarekin. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, banda zabala eraman dute Beizamako herrigunera eta baserrietara; era horretan, Interneteko konexio ultra azkarra dute iaztik.
2018. urtean, Beizaman babestutako etxebizitzak eraikitzeko Bizi Beizaman proiektua jarri zuten martxan Beizamako Udalak eta Urkome Urola Kostako landa garapeneko elkarteak. Herrira jende berria erakartzeko eta bertakoa herrian gelditzeko asmoari tiraka, iazko uztailean, berriz, udalak eta Eusko Jaurlaritzak Beizamako Eskolaetxe eremuan babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Akordio horren arabera, Jaurlaritzak nahiz udalak betebehar batzuk dituzte. Hala, Beizamako Udala etxebizitzak eraikiko dituzten lurren jabe egin zen, eta behin urrats hori eginda, udalaren hurrengo zeregina izan da eremua partzelaka banatzea.
Dagoeneko, Beizanako Udalak egin eta onartu ditu Urbanizazio Jarduketarako Programa (PAU) eta Birpartzelazio Proiektua. Orain, etxebizitzak eraikiko dituzten lurrak Eusko Jaurlaritzari emango dizkio, hark gune horretan alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak egin ditzan. Bestalde, hitzarmenaren arabera, Beizamako Udala eraikiko dituzten etxebizitza horietako lokal baten jabe egingo da, eta lokal horri eman beharreko erabilera zehaztea izango da udalaren hurrengo zereginetako bat.
Beizamako Eskolaetxeko etxebizitzen proiektua aukeratzeko, Europan (Europa mailan arkitekto gazteekin egiten den lehiaketa) lehiaketara aurkezteko asmoa azaldu dio Jaurlaritzak udalari, hala adierazi du Oihan Ostolaza Beizamako Udaleko idazkari- kontu hartzaileak: "Lur horien jabetza erregistroa egin eta lurrak Jaurlaritzaren esku uztearekin batera, paraleloki, egitasmoa Europan lehiaketara aurkeztuko duela azaldu digu Jaurlaritzak. Lehiaketa hori arkitekto gazteentzako erakusleiho bat da, finalistak hautatuko dituzte bertan, eta Beizamarako proiektua hautatzeko aukera izango dugu gero".
Eskolaetxe eremuko etxebizitza berriak 2024. urterako eginda izango dituztela aurreikusi du Jaurlaritzak. Udala ahalik eta azkarren egiten ari da bere aldetik egin beharreko prozedurak, Ostolazak azaldu duenez. Eskolaetxen egingo dituzten etxeak, alokairu sozialekoak izango dira printzipioz, eta haietara hautatzeko aukera izateko Etxebiden izena emanda egon behar da.
Ostolazak azaldu duenez, Eskolaetxekoa proiektu pilotu bat da, ondo ateraz gero, beste herri txiki batzuetarako balio dezakeena: "Jaurlaritza Beizama gisako herri txikiek duten despopulazio arazoaz jakitun da, eta Beizamako egitasmoak izaten duen erantzunaren arabera, beste herri txiki batzuetara antzeko proiektuak zabaltzeko aukera egongo da. Beizaman etxebizitza eskaria badago, baina ez da ikaragarria. Gure asmoa da Beizama lotarako lekua bakarrik ez izatea".
Banda zabala
Beizaman bizi eta teknologia berriak eskuragarri eta erabilgarri izateko eta, osasun krisiaren ondorioz, hain ezaguna egin den telelanerako aukera izateko, banda zabalaren azpiegiturak jarri dituzte herrigunean nahiz baserrietan. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin zituen iaz azpiegitura horiek jartzeko lanak. "Banda ultra azkarra ere iritsi da herrira, eta lokal komertzial batzuetarako aukera ere jasotzen da etxebizitza berrien proiektuaren barruan. Bizileku izateaz gain, ekonomia jarduerarekin ere lotu nahi da herria. Oso zaila da industria jarduerak Beizaman kokatzea, herriak dituen ezaugarriak kontuan hartuta: errepideak... Baina beste era bateko jarduerak har ditzake, egun telelana-eta egiten dela", adierazi du Ostolazak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren banda zabalaren proiektuaren helburua zen konexio ultra azkarra Beizamako "azken baserriraino iristea", Ostolazak azaldu duenez. "Arazoak arazo" azpiegitura hori eskatu duten gehienengana iritsi dela adierazi du udaleko idazkariak: "Banda zabalaren kablea lehendik zeuden zutoinetatik ekarri da Beizamara. Gero, horrek dakarkiena mantentze gastua da; haizeagatik edota ekaitzagatik zuhaitzen bat edo beste erortzeak zutoinak ere bota ditzakeelako".
Despopulatzeari aurre egiteko, bestelako asmo batzuk ere baditu esku artean udalak. "Herriko etxebizitza pribatu bat hondatuta dago, eta hura berrituta etxebizitzak egin nahi dira, gero saltzeko. Inbertsio horretan sartzeko gaitasunik ez du, ordea, Beizamako Udalak. Dena den, harako erosle posibleak topatzeko lan egin dezake". Ostolazak adierazi duenez, biztanle kopuruen beheranzko joera gelditzeko lanean ari da udala esku artean dituen baliabide guztiekin.
Biztanleria datuak
Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datuen arabera, hiru pertsona gehiago erroldatu ziren Beizaman 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko urtearen lehen egunera artean; hau da, erroldan 143 biztanle izatetik 146 izatera igaro zen udalerria. 2019ko datuei erreparatuta, berriz, erroldatutakoen artetik %13,99 3 eta 16 urte bitartekoa zen Beizaman; horien batez besteko adina, berriz, 8,85 urtekoa. 60 urtetik gorakoak, berriz, %26,57 ziren orain bi urte; 38 pertsona (24 gizonak eta hamalau emakumeak). Eustaten datuak esku artean, berriz, azken hogei urteotan biztanle gehien 2007. urtean izan zituen Beizamak, 171, hain zuzen ere. Ordutik, ordea, beheranzko joera izan du ia urte denetan.