Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko podiumean

Andoni Elduaien 2020ko abe. 13a, 15:52

Iker Vicentek irabazi du aizkolariek beraiek antolatutako lehen Aizkolari Txapelketa Nagusia. Mikel Larrañaga azpeitiarra bigarren sailkatu da, Eneko Otaño beizamarra hirugarren eta Julen Alberdi 'Txikia IV.a' bosgarren.

Eskualdeko bi aizkolari podiumean sartu dira gaur, igandea, Bilboko Bilbao Arenan jokatu den Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalean; Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra bigarren sailkatu da, eta hirugarren Eneko Otaño beizamarra. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, bestalde, bosgarren amaitu ditu lanak.

Iker Vicentek jantzi du txapela. Otsagabiarrak 38 minutu eta 48 segundoan amaitu ditu finaleko lanak, Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak baino minutu eta hamazazpi segundo lehenago. Bederatzigarren enborra Vicentek Larrañagaren aurretik ebaki du. Ordura arte otsagabiarra eta azpeitiarra pare-parean ibili dira, baina bederatzigarren enborra ebakitakoan, abantaila atera dio Vicentek Larrañagari. 50 segundoko tartea lortu du nafarrak, eta finala irabazteko, nahikoa izan du azken enborretan abantailari eustea. Amaieran, gainera, handitu egin dio tartea zertxobait Vicentek Larrañagari.

Hirugarren postua, berriz, Eneko Otaño beizamarrak lortu du, lanak 41 minutu eta 27 segundoan eginda. Beizamarra azken hiru urteetan postu bat hobetuz joan da. Bosgarren sailkatu zen duela bi urte, laugarren iaz eta aurten hirugarren postua lortu du. Laugarren postua, bestalde, Jon Irazurentzat izan da, 44 minutuko eta 31 segundoko denbora eginda. Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak 46 minutu eta 32 segundoan amaitu ditu lanak, eta haren ondoren sailkatu da Aitzol Atutxa, enborrak 49 minutu eta 44 segundoan ebakita.

Hona hemen sailkapena eta denborak:

  1. Iker Vicente 38:48
  2. Mikel Larrañaga 40:05
  3. Eneko Otaño 41:27
  4. Jon Irazu 44:31
  5. Julen Alberdi Txikia IV.a 46:32
  6. Aitzol Atutxa 49:44

Hona hemen finaleko argazki bilduma. (Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide