Aurkeztu dute igandeko Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala

Andoni Elduaien 2020ko abenduaren 10a

Igandean, Bilboko Bilbao Arenan jokatuko dute finala sei aizkolarik. Tartean izango dira Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' azkoitiarra eta Eneko Otaño beizamarra.

Datorren igandean, abenduak 13, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dute Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak eta Eneko Otaño aizkolari beizamarrak. 12:00etan hasiko da finala, eta promozio mailako txapelketako finala ere jokatuko dute egun eta leku berean. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten finala.

Zestoan (Gipuzkoa) jokatu zuten lehenik kanporaketa, eta han denborarik onena lortu zuten sei aizkolarik lortu zuten finalera sailkatzea. Eskualdeko hiru aizkolariez gain, finalean izango dira Iker Vicente egungo Euskal Herriko txapelduna, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu. Hamabi enbor ebaki beharko dituzte sei aizkolari finalistek final nagusian: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.

Federazioaren estalpetik kanpo, aizkolariek beraiek antolatutako txapelketa izan da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. "Federazioakin izandako desadostasun handiena kirolari itxura aldaketa bat eman nahi izatea izan zen, eta hori egin nahi izan dugu. Lehengo jatorria eta sustraiak mantendu ditugu, betiko lana egin beharko dugu egurrei dagokionez, baina itxura berritzaileago batekin. Berritasun ugari izango dira ikusgai txapelketan", azaldu zuen Txikia IV.ak. "Berrikuntzak eta beste itxura bat ematea nahi genituen, eta nik uste igandean plazan nabarituko dela aldaketa", adierazi zuen Larrañagak.

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileen ondorioz, finala zalerik gabe jokatu beharko dute aurten. Hala eta guztiz ere, ETB1ek zuzenean eskainiko du finala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide