Nuarbeko Ibai Eder urtegitik gertu dagoen Beizamako Orue baserriaren mendi magalak hainbat luizi izan ditu 1991n urtegia eraiki zutenetik. Hala dio Ione Otaegik, baserriaren jabeetako batek: "Urtegia egin zutenean gaizki burututako lanek eragin diote gure baserriari eta inguratzen duen mendi magal osoari". Izan ere, ez zutela baimendutako proiektua errespetatu dio, presa inguratzen duen bidea egiterakoan, batez ere. Alegia, lan haiek legez aurreikusita zeuden bezala ez zirela egin baieztatzen du Otaegik, eta ondorioz, "kalte amaiezinak" nabaritzen ari direla ordutik: "Orue erortzeko zorian jarri zuten lur horietan izandako luizi ugariek".
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen arloko Uren zuzendaritzak aginduta, azterketa geoteknikoa gauzatu zuen Euroestudios enpresak 2003an. "Ikerketa hark argi erakutsi zuen lotura dutela Orue baserria dagoen magalaren lurren ezegonkortasunak eta urtegian egindako lan publiko bidegabe batzuek", azaldu du Otaegik. Hainbat lan egin zuten mugitutako lur haietan, aldapa egonkortzeko. "Lan haiek kostu handia eduki zuten, baina, ondoren, ez Eusko Jaurlaritza, ez beste inor ez da arduratu haren ikuskapenaz eta emaitzaz, askotan eskatu arren. Sasi artean utzi dituzte desjabetutako etxe azpiko lurrak. Etxea itzalpean eta ilunpetan galduta utzi dute, hain gertu dagoen urtegia ikusi ezinik; atera dezatela ezkututik", eskatu du Otaegik.
"Balio historiko handia"
XVIII. mendekoa da Orue, eta Edorta Kortadi Deustuko Unibertsitateko arte adituak txosten batean dioenez, "balore historiko-artistiko handia" du baserriak; era berean, haren "mantentzea" gomendatzen du Kortadik.
Azken urte hauetan herri-bidean hainbat luizi izan direla kontatu du Otaegik, fase ezberdinetan, eta arduratuta dago: "Baserrira igotzeko beste modurik ez dagoenez, isolatuta geratzera doa, herri-bideak jasandako kaltea egonkortzen eta zuzentzen ez bada. Oraingoz, oinez bakarrik joan daiteke baserrira; ibilgailuekin igotzea ez da segurua. Izan ere, bideari zatiak falta zaizkio. Gainera, urtegi inguruan dabiltzan oinezkoentzat leku arriskutsua da".
2006tik hainbat kexa aurkeztu, gutun idatzi eta ate jo ditu Otaegik baserri bideko luizia dela eta, baina erakundeek "beste aldera begiratzen" jarraitzen dutela nabarmendu du. Alde batetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin jarri zen harremanetan, eta salaketak eta eskaerak aurkeztu zituen. Beste aldetik, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen saileko Ura Zuzendaritzako arduradunekin hitz egin zuen. Halaber, Ertzaintza luiziak ikustera joan dela eta hark Beizamako alkateari “bidea konpon dezatela" eskatu diola ere jakin du Otaegik. "Dirudienez, Jaurlaritzak ez zuen inorekin adostu urtegiaren zaintza iraunkorra. Hori izan daiteke kaltetuok nozitzen dugun babesgabetasunaren arrazoietako bat", gaineratu du.
Beraz, gunea erabat konpontzeko eskatzen die erantzukizuna duten erakundeei. "Ez dezatela inoiz herritar kaltetua idien hankapean utzi; behar dena egiteko eskatzen diot Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen zuzendaritzari. Herri-bidea da gainera, eta nahitaezkoa da haren berregitea. Halaber, bidea konpontzeko lanen kostua handitzen ari da egunez egun, eta berehalako irtenbidea behar du".
Orue baserria.