Beizamako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babes sozialeko etxebizitzen sustapenerako sinatutako lankidetza hitzarmena argitaratu da Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian. Hortaz, irailaren 8az geroztik indarrean dagoen hitzarmen horrek Beizamako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari betebehar batzuk ematen dizkio. Oraingoz, Beizamako Udala etxebizitzak eraikiko diren lurren jabe egin da, eta behin pauso hori emanda, Udalaren hurrengo zeregina izango da etxebizitzak partzelaka banatzea. Orain, Beizamako Udalak bereganatu dituen lurrak Eusko Jaurlaritzari emango dizkio, haiek gune horretan babes ofizialeko etxebizitzak egin ditzaten.
Beizaman babes ofizialeko hamabi etxebizitza eraikitzea aurreikusita zegoen 2018tik, biztanleriaren beherakadari irtenbidea emateko helburuarekin. Etxebizitza Sailak, gaur egun dagoen legediarekin, alokairuan bakarrik egiten ditu babes ofizialeko etxebizitzak, eta, beraz, ezinezkoa da jabegoko etxebizitzak egitea. Lege horren aurrean, honako hau azaldu du Oihan Ostolaza Beizamako Udaleko idazkari-kontuhartzaileak: "Udal korporazioak ikusita Beizamaren ezaugarriak eta beharrak zeintzuk diren, guk zerbait iraunkorra nahi dugu. Beizama bezalako herri txikiek arazo handia dute jendez husten ari direlako, eta horren aurrean, gure hasierako helburua zen jabetzako etxebizitzak izatea, baina hori garbi esan ziguten hasieratik ezinezkoa zela. Orduan, lur horietan egingo diren etxebizitzak alokairu sozialekoak izango dira, aurrera begira erosteko aukerarik gabe. Denborarekin legedi horretan salbuespenak jartzea da gure nahia, jendeak urte batzuk pasatu ostean etxebizitza erosteko aukera izateko, baina gaur-gaurkoz indarrean dagoen legediaren arabera ez da posible". Beizamako Udalaren aurreikuspenen arabera, 2024ra arte ez dira egongo etxebizitzak jendea sartzeko moduan. "Horrelako prozesu publikoek oso luze jotzen dute. Oraingoz, Udala lurren jabe egin da, eta prozesua martxan dago. Gure helburua da jendea erakartzea eta bertakoak ez joatea, eta hori lortzeko promozio ezberdinak aztertzen ari gara".
Argazkian, babes ofizialeko etxebizitzak egingo diren gunea.