Herri kirolariek eta zaleek hitzordu garrantzitsua dute bihar, larunbata, Donostian: Aizkolarien XXXV. Urrezko Kopa jokatuko dute 19:30etik aurrera, Trinitate plazan. Bost aizkolari ariko dira nor baino nor, eta horien artean dira Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra. Horiez gain, Iker Vicente otsagabiarra eta Jon Rekondo leitzarra ere ariko dira lehian.
Kirolariek 54 ontzako hamalau kanaerdiko ebaki beharko dituzte, ahalik eta azkarren. ETBk emango du saioa, eta 250 bat ikus-entzule izango dira Trinitate plazan –ez dago sarrerarik salgai–.
Iaz Vicentek irabazi zuen kopa, eta Larrañaga bigarren sailkatu zen.