Herri txikia da Beizama, baina aberatsa. Oparotasun hori oinarri hartuta, egoera berrira moldatutako eskaintza prestatu dute Beizamako aterpetxean.
Martxoaren erdialdetik hil honen hasierara arte itxita egon da aterpetxea, koronabirusak eragindako osasun larrialdia tarteko. Bitarte horretan, ordea, aterpe barruko lanean jardun dute Iñigo Altuna eta Leire Retegi Beizamako aterpezainek.
Aterpea jendeari ireki ahal izateko, barrua eta eskaintza berrantolatu behar izan dituzte. Hala kontatu du Retegik: "Orain arte aterpetxea era batera antolatuta geneukan: barne prozedurak, jendea nola hartu, eskaintzak... Koronabirusak eragindako egoerak hori guztia aldarazi digu. Kontingentzia plana egin eta protokolo bat jarri dugu martxan; aldaketak egin behar izan ditugu instalazioaren antolaketan, garbiketa programan eta aterpetxe gisa dugun eskaintzan. Egoera berrira moldatu behar izan dugu guztia".
Osasun krisialdiak goi denboraldian harrapatu zuen Beizamako aterpetxea. Apiriletik ekainaren bukaerara eskoletako ikasleen egonaldiak izaten dituzte; aurten, baina, egonaldi horiek guztiak bertan behera gelditu zaizkie. "Guretzako sasoi ona izaten da eskoletatik-eta aterpetxera etortzen zaizkigun aldi hori. Denak galdu ditugu aurten, eta horrek kaltea eragin digu. Aurten etortzerik izan ez duten talde horiek datorren urtean etortzeko nahia azaldu digute, baina aurtengoa galduta dugu".
Udaberriaz gainera, udako sasoian ere ederki lan egin ohi dute Beizamako aterpetxean. "Nahiz eta aterpetxea izan, lau-bost pertsonarentzako logelak ere baditugu, bainugela pribatuarekin. Horregatik, oso ondo funtzionatu izan dugu logelakako erreserbekin. Sukalde eta jangela zabal bana ere baditu aterpetxeak. Formatu horretan oso ondo joan zaigu", azaldu du Retegik.
«Esklusibotasuna» eskainiz
Osasun krisiaren eraginez, eskaintza aldatu egin behar izan dute aterpetxean. Eskaintzaren formatu berri bat landu dute, eta berezoari "esklusibotasuna" eskainiko diote: lagun edo familia talde bakar bat egongo da egonaldi bakoitzeko. "Ez da nahitaezkoa talde handi-handiak etortzea, hamar-hamazazpi pertsonako taldeentzako eskaintza dugu prestatuta. Animatzen diren taldeek ez dute beste inorekin elkarbanatuko aterpetxea. Hori dena segurtasuna, lasaitasuna eta gozamena kontuan hartuta egin dugu. Batzuentzako aldatu egin da aisialdiaz gozatzeko modua, eta hori kontuan izan dugu".
Prest dute guztia beren eskaintza berriaz gozatu nahi dutenentzako. Beizamaz eta aterpeaz disfrutatu nahi dutenak beso zabalik hartzeko pronto daudela adierazi du Retegik. "Aterpetxera etorriko direnentzako eskaintza erakargarria izateko, mimo asko jarri dugu".
Altxorra, herria bera
Aterpetxeak Beizamako herriari, bizimoduari eta inguruneari lotutako eskaintza du osatuta. "Beizama inguratzen eta osatzen duen guztiarekin lotuta, askotariko esperientziak antolatu izan ditugu aterpetxean, eta udarako prestatuta daukagun eskaintzan ere txertatu ditugu horiek. Besteak beste, Leunda, Urki, Arreta, Urkizahar eta Agi-ñondo baserrietara bisitak, basora irteerak eta ibilbideak egingo ditugu. Gainera, ludoteka zerbitzua ere antolatuta daukagu". Lagun taldean edota familia taldean egonaldi lasai batez disfrutatzeko eskaintza prestatu dute: "Gurera datozenek, lasaitasunez, Beizamaz eta naturaz disfrutatzea da nahi duguna".
COVID-19 gaitzak eragindako egoerak erakutsi du herri txikietan bizitzeak abantaila ugari dituela, eta Beizamak oporraldian abantaila horiez gozatzeko aukera ematen duela uste du Retegik: "Berrogeialdian ikusi dugu landa eremuan edota herri txikietan zeinen ondo ibili garen. Alde horretatik, zoragarri gaude Beizaman, eta kanpoko jendeari erakusteko altxor bat daukagu. Jende askoko tokiak, jende pilaketak, saihestu nahi dituztenek eta lasaitasuna nahi dutenek toki aproposa dute Beizama. Herria bera oinarri hartuta, guk egunero sentitzen dugun hori eskaini nahi diegu aterpetxera datozen bezeroei".
Uda honetako erronka inguruko herriak eta herrialdea bera ezagutzea izango direla uste du Retegik. "Guztiok daukagun erronka da, urrutira joan gabe, inguruan ditugun herriak eta txokoak ezagutzea. Beizamara jendea oporretara edota egun batzuk pasatzera etortzen denean, harrituta gelditzen da bertan dagoen aberastasunarekin. Izugarrizko altxorrak dauzkagu hemen, eta orain arte ia baliorik ematen ez genien espazioak eta inguruak altxorrak direla ohartu gara; izugarrizko paisaia eta ibilbideak dauzkagu inguruan".
Retegiren ustez, bertatik bertara dagoen horri "beste begi batzuekin begiratu" eta, horiek ezagutuz, gozatzeko eta ondo pasatzeko garaia da.