Baserrian gelditzen dira

Julen Otaegi Leonet 2020ko apirilaren 1a

COVID-19aren kasurik atzeman ez duten herrietako bat da Beizama. Beste herrietan bezala konfinamendua bete behar badute ere, "berdintsu" bizi dute egunerokoa beizamarrek.

Bi aste pasa igaro dira jada Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik. Konfinamendua aginduta, koronabirusaren hedapena saihestearren, beren etxeetan jarraitzen dute herritarrek. Aurreikuspenekin bat etorriz, kutsatu kasuek gora egin dute eta 96 dira jada –atzo eguerdira arteko datua da– Urola Kostan baieztatu direnak. Halere, badira momentuz kasu positiborik ez duten herriak, eta Beizama da horietako bat.

Gipuzkoa erdialdean aurkitzen bada ere, pandemiaren eragin eremutik kanpo dago 150 biztanleko herria. Bertan ere zorroztasunez ezarri dituzte konfinamenduaren neurriak, baina horiek ez dute ondorio nabarmenik eragin herritarrengan; haiek "normaltasunez" jarraitzen dute egunerokoarekin. Izan ere, baserria ogibide dutenek beren errutinari eutsi diote; alde horretatik, Beizama eta halako herrietan bizi diren herritarrek "askatasun gehiago" dute kale-etxeetan bizi direnek baino.

Izan ere, abereak zaintzeko, baratzera joateko edota lanen bat egiteko beharra tarteko, herritarrek etxeetako hormetatik ateratzeko aukera dute, haien "eguneroko ogia" baitira lan horiek. Noski, bakoitza bere baserri inguruetan geratzen da. Kaleak hutsik ikusten dira Beizaman.

Herritarrentzat irekita mantentzen den eraikin bakarra udaletxea da. Eusko Jaurlaritzaren argibideak jarraitu dituztela adierazi du Pedro Otaegi alkateak: "Gutxieneko zerbitzuak ematen ditugu. Premiazko eskaerak erantzuten ditugu, eta eraikinera joan ahal izateko, aurretik hots egin behar da". Hurrengo asteetarako aurreikusitako bilerak bertan behera utzi dituztela ere azaldu du. "Premiazkoak diren bilkurak egin daitezke, eta oraingoz bakarra egin dugu".

Lanak lan

Herriko gainontzeko gune publikoak –frontoia, umeen parkea eta txikiparka–, aterpetxea edota Ostatu Zaharra itxita dira egunotan. Idoia Urtuzaga Ostatu Zaharreko arduradunak azaldu duenez, "alarma egoera ezarri aurretik" erabaki zuten taberna ixtea. Ondorio sakonak pairatu dituzte, "bazkari eta afari pila bat" bertan behera geratu baitira. Dena den, egoera baretzean aurretik zuten martxa berreskuratzea erraza izango dela iruditzen zaio Urtuzagari: "Uste dut jendea etxetik irteteko desiratzen egongo dela. Otordua erreserbatuta zuten askok jakinarazi digute lasai egoteko, etorriko direla-eta aukera dutenean".

Bestalde, telelanaren bidez, herritik kanpo lan egiten dutenek etxean geratzeko aukera izan dute. Gorka Marcos beizamarrak Donostiako Vicomtech enpresan egiten du lan, eta hark dioenez, aldaketak ez dio arazorik ekarri: "Zorte handia dugu gure jarduerarekin bideragarria delako telelana egitea. Gainera, modu azkarrean eta eraginkorrean egin dugu. Telelanerako trantsizioa arrakastatsua izan da zentzu horretan". Konektibitatea ere faktore garrantzitsua izan da; orain dela hilabete gutxi herrian instalatu duten zuntz optikorik gabe "ezinezkoa" izango bailitzateke Marcosentzat lanerako beharrezkoak dituen bideo bidezko deiak egitea.

Badira, hala ere, lanean aldaketa handirik pairatu ez duten herritarrak ere. Beizama Gazta gaztandegiko Idoia Leonetek adierazi du "betiko martxan" ari direla beren jarduerak gauzatzen: "Ekoizpen aldetik, berdin jarraitzen dugu gazta egiten. Banaketa ere ez dugu eten: inguruko herrietako harategietara eta dendetara saltzen dugu gure produktua. Azpeitiko azokara ere joaten gara asteartero". Hala eta guztiz, izan dute "gorabehera" bat, etxeko salmenta zuzena guztiz jaitsi zaie.

Eskola, orain gertuago

Langile batzuk ez ezik, alarma egoerak etxean gerarazi ditu herriko ikasle guztiak ere. Etxean konfinaturik, ikasketen eguneroko erritmoari eusten diete horiek, irakasleek posta elektroniko bidez bidalitako etxeko lanak eta ariketak egin behar izaten baitituzte. Bideo bidezko deien bitartez ere izaten dituzte batzuek eskolak.

Lehenengo egunak nahasiak izan zirela azaldu du Nahia Cagigal Batxilergoko ikasleak, baina "ohitu arteko kontua" izan dela gaineratu du; izan ere, betiko ordutegiak eta lanak aurkezteko epeak mantendu egin dizkiete. Aitor Arruti unibertsitate ikaslearentzat ere ez da gauza askorik aldatu: "Guztia da desberdina, baina azkenean, denak berdintsu jarraitzen du". Eskolak eta etxeko lanak amaiturik, kirola egiteko tartea ere aurkitzen du Arrutik, hala aitortu du.

Baserritarrek haien ohiko zereginak eta entretenimenduak dituzte, behintzat, etxe barruan egoeraren monotoniatik irteteko aitzakia; mendi puntan bada egitekorik egunero. "Zortedunak" dira alde horretatik. Hori bai, duela bi astetik eta hurrengo bi asteetan, gainontzeko guztien moduan, beizamarrak baserrian geratuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide