Mikel Larrañagak ere lortu du Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalerako txartela

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 9a

Azpeitiarrak eta Jon Rekondok finaleko hirugarren eta azken tokia bete dute gaur, Beasainen, Ruben Saralegiri eta Eneko Otaño beizamarrari irabazita.

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren hirugarren eta azken txartela zuten jokoan gaur, Beasainen (Gipuzkoa), Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Jon Rekondok, eta Ruben Saralegik eta Eneko Otaño beizamarrak osatutako bikoteek, eta azpeitiarrarentzat eta leitzarrarentzat izan da saria.

Sailkapen fasearen seigarren eta azken jardunaldia izan da gaurkoa. Norgehiagoka hasteko, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bana ebaki du. Horren ondoren, kana erdikoa mozten Saralegi eta Otaño gailendu dira. Hirugarren proban, oinbiko enborra erdibana mozten, Larrañagak eta Rekondok osatutako bikotea izan da azkarrena. Azken aurrekoan, 45 ontzako enborra ebakitzen, Rekondo (zutik) eta Larrañaga (etzanda) izan dira lehenak. Azkenik, kana erdiko lau enbor eta 60 ontzako bi moztu behar izan dituzte aizkolariek txanda librean, eta lehia parekatuaren ondoren, hor ere finalistak izan dira lanak bukatzen aurrenak.

Azpeitian jokatuko da txapelketaren finala, martxoaren 7an, eta eskualdeko bi aizkolari lehiatuko dira Izarraitz pilotalekuan. Larrañagarekin eta Rekondorekin batera, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.a, eta Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika ere ariko dira Azpeitiko saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide