Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak hirugarren Landaola sariak banatuko ditu datorren otsailaren 7an, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Otalora jauregian (12:00), eta eskualdeko bi proiektu daude saria jasotzeko hautagaien artean.
Erakunde publikoek sustatutako proiektuen saria jasotzeko hautagaietako bat da Azpeitiko Udalak Aratzerrekan jarri duen ura garbitzeko sistema naturala. Hain zuzen ere, araztegi faltari aterabidea emateko, hezegune artifizialetan oinarritutako ur arazketa sistema naturala jarri dute martxan.
Aratzerrekako fitoarazketa sistemaren egitasmoarekin batera, beste bost proiektu ere saria jasotzeko hautagai izendatu ditu epaimahaiak: San Markos Mankomunitatearen Agroaldea egitasmoa, Leintz Gatzagako gatz ekoizpenerako proiektua, Itziarko Elurzulo eta auzolana egitasmoa, Berastegiko Udala larre komunalen proiektua eta Idiazabalgo Udalak lehen sektorean gauzatu duen lana. Hautagai horietako batek jasoko du erakunde publikoek landa garapenean egindako lana aitortzen duen saria.
Bestalde, erakunde pribatuek sortutako beste sei proiektu ere izendatu dituzte saria jasotzeko hautagai; tartean, Beizamako Aleka Euskal Herriko hazi ekologikoen proiektua. Harekin batera izendapena jaso dute Igeldoko kooperatibak, Libe Ramila Gabiriaren gatzaren proiektuak, Soraluzeko Txurruka jatetxeak, Goierriko nekazal kooperatibak eta Anoetako Gurdi kooperatibak.
Bi sari horiez gain, urteko ibilbidea saria eta landa eremuko emakumeen saria ere banatuko dituzte. Proiektu eta pertsona sarituen izenak otsailaren 7ko ekitaldian jakinaraziko ditu Landaolak.