Beizamako Udalak 268.021 euroko aurrekontua izango du aurten

Nerea Uranga 2020ko urtarrilaren 16a

Aurtengo udal aurrekontuetako inbertsio nagusiak hiru egitasmotara bideratuko ditu Beizamako Udalak: etxebizitza berriak egiteko lurrak erosteko, mendi bideen mantenurako eta kirolerako lokal bat egokitzeko.

Aurtengorako 268.021 euroko udal aurrekontua onartu dute Beizaman. Iazko azaroaren 29an onartu zuen Udalbatzak behin-behinekoz 2020 udal aurrekontu orokorra. Legeak eskatzen duen epean ez du erreklamaziorik jaso, eta behin betiko onartuta gelditu da. Beizamako Udala altxortegi aldetik "egoera onean" dagoela azaldu du erakundeak, baina urtetik urtera udal aurrekontuaren kopurua ezin dute nahi beste igo, legeak baldintzatuta daudelako: "Iazkotik %2,8 igo genezakeen aurrekontua, eta horrela egin dugu".

Inbertsio nagusiak

Udal aurrekontuaren %80-85 erakundearen urteroko ohiko gastuetara bideratuko dute aurten ere. Gainontzeko %15 zertan inbertitu erabaki dute udal hautetsiek.

Udal aurrekontuko inbertsio nagusiak hiru egitasmotara bideratu ditu Beizamako Udalak: etxebizitza berriak eraikitzeko egitasmorako lurrak eskuratzeko, baserri bideen mantenua eta kirolerako ekipamenduaren proiektua.

Beizamako biztanleriaren jaitsierari aurre egiteko, etxebizitza berriak egiteko asmoa dute herrian. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin aurreakordio bat eginda dute Beizaman alokairurako hamabi etxebizitza eraikitzeko. Egitasmo hori bideratzeko udalak lurrak erosiko ditu. Aurtengo inbertsioetarako diruaren zati bat horretarako aurreikusi dute.

Horrez gain, baserri bideak konpontzeko eta mantentzeko beste diru kopuru bat ere aurreikusi du udalak. "Beizamak mendi bide asko ditu, eta horretarako ere diru partida bat bideratu da".

Herritarrei kirola egiteko aukera emateko kirol ekipamendu bat egitea ere nahi du erakundeak. "Lokal bat prestatu nahi da herriari zerbitzu hori emateko", aurreratu du udalak. Dirua aurreikusi dute aurtengo udal aurrekontuan zerbitzu berri hori martxan jartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide