Vicente eta Mujika nagusi Beizaman, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren barruan

Urola Kostako Hitza 2020ko urt. 12a, 16:25

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu da gaur eguerdian Beizaman. Iker Vicentek eta Jesus Mari Mujikak osatutako bikoteak Eneko Otaño beizamarrak eta Ruben Saralegik osatutakoarekin neurtu ditu indarrak, eta Vicenterentzat eta Mujikarentzat izan dira jokoan ziren bi puntuak.

Bost modalitatetan aritu dira bi bikoteak nor baino nor, eta horietatik lautan nagusitu dira gaurko irabazleak. Otsagabikoak (Nafarroa) eta Ibarrakoak (Gipuzkoa) lan hobea egin dute erlojuaren kontrako proban, zutikakoan, abiadurakoan eta norgehiagoka bukatzeko lanerdira egindakoan; etxean aritu den Otañok eta Leitzakoak (Nafarroa), berriz, zutik eta etzanda nahasian jokatutako proban soilik lortu dute lanak aurkariek baino lehen bukatzea. Horrela, amaieran, lan guztietako denborak batuta, 24 minutu eta 24 segundo batu dituzte Vicentek eta Mujikak, eta 26 minutu eta 29 segundo, berriz, Otañok eta Saralegik.

Emakumeen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren jardunaldia ere jokatu da Beizaman, eta Irati Astondoak (Zeanuri, Bizkaia) aise irabazi dio Itxaso Onsalori )Areso, Nafarroa) jokatu dituzten bi probetan, erlojuaren kontra zein buruz burukoan,

Eizaren lana

Aizkora ez ezik, harri-jasotzea ere izan da eguerdian Beizamako Illaunpe frontoian. Urrezko Harri-jasotze Txapelketaren bigarren jardunaldian, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrari egokitu zaio lanak betetzea. Bi minutuko saio banatan, lau altxaldi amen dizkio Eizak 175 kiloko laukizuzenari, sei 150 kiloko kubikoari, eta hamar 125 kiloko bolari. Horrenbestez, guztira hogei jasoaldi eta 2.850 kilo batu ditu zarauztarrak.

Hona hemen, gaur eguerdiko herri kirol saioan ateratako argazkiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide