Aurten ere hiru domina irabazi ditu Beizama Gaztak Munduko Gazta Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2019ko abenduaren 3a

Julen Otaegi Leonet aitortza diploma jasotzen, atzo, Bilbon.

Beizama Gaztak beste hiru domina kolkoratu ditu Munduko Gazta Txapelketan. Aurten Bergamo (Italia) izan da World Cheese Awards-en egoitza, eta urrezko domina bat eta brontzezko beste bi irabazi ditu bertan Beizamako Arreta baserrikoen gaztandegiak. Munduko gazta sariketarik garrantzitsuena da World Cheese Awards; aurten, 31. edizioan, mundu osoko 3.800dik gora gazta marka lehiatu dira bertan.

Hiru gazta aurkeztu zituen Beizama Gaztak sariketara, eta hirurak saritu dituzte. Aurtengo hirurekin, dagoeneko 18 domina irabazi ditu Patxi Otaegiren eta Idoia Leoneten gaztandegiak Munduko Gazta Txapelketan. 2007an aurkeztu ziren lehen aldiz txapelketara; iaz ere hiru domina jaso zituzten, urrezkoak bi eta zilarrezkoa bestea.

Aitortza ekitaldia

Idiazabal jatorri izeneko eta Artzai Gaztako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 22 gaztagilek jaso dute sariren bat aurtengo World Cheese Awards-etan, eta horien lana eta lorpenak aitortzeko eta omentzeko ekitaldia egin zuten atzo Bilbon Eusko Jaurlaritzak eta Hazi fundazioak. Guztira, 42 sari batu dituzte euskal gaztagile horiek, eta Beizama Gazta izan da urrezko dominaren bat irabazi duten lauretako bat.

Julen Otaegi Leonetek, Patxiren eta Idoiaren semeak, jaso zuen Beizama Gaztari zegokion aitortza diploma atzoko ekitaldian.

World Cheese Awards-etan saritutako gaztagileak beren diplomekin; tartean, Beizama Gaztako ordezkaria (atzeko lerroan, eskuinetik hasita laugarrena). (Hazi)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide