Alejandro Labaka eta Ines Arango misiolariak hil egin zituzten Amazonian, huaorani indigenen etniako tagaeri taldekoek, duela 32 urte. Bi misiolariei omenaldia egiteko eta haiei gertatua gizarteratzeko, hainbat ekintza egin dute azkenaldian Urola bailarako parrokiek, Misio Ordezkaritzak eta kaputxinoen komunitateak antolatuta. Larunbatean egin zuten ekitaldi horietan azkena, denetan potoloena. Hain zuzen ere, Urrestillatik Beizamara, Labakaren jaioterrira, ibilaldia egin zuten. Azkoitiko, Azpeitiko nahiz inguruko herrietako jendea bertaratu zen, eta 70 bat lagun elkartu ziren, guztira.
10:00etan elkartu ziren ibiltariak Urrestillan, eta han harrera, kantua eta otoitza egin zituzten. Bidean, geldialdia egin zuten Nuarben, eta Labaka eta Arango oroitzeko tartea hartu zuten hainbat abesti kantatuz. Bigarren geldialdia, berriz, Beizamara bideko industria pabilioietan egin zuten, eta naturaz hausnartzeko tartea hartu zuten han. 13:00 alderako, Beizamara iritsi ziren ibilaldian parte hartu zutenak. Bakoitzak ahal bezala osatu zuen bidea; batzuk oinez, eta beste batzuek autoz nahiz autobusez iritsi ziren herrira.
Behin Beizamara iritsitakoan, meza izan zen, eta leporaino bete zen eliza. Meza amaitzean, Anjel Mari Peñagarikanok, Labaka zenaren ilobak, hainbat bertso eskaini zizkion osaba zuenari. Segidan, Jon Lasa kantuan hasi zen, eta eliza guztiak harekin batera abestu zuen, omenaldiari amaiera kutsu alaiarekin emanez. Segidan, bakoitzak bere etxetik ekarritako jana bazkaldu zuen elizaren atarian prestatu zituzten mahaietan. Segidan, bertsoz eta musikaz girotu zuten bazkalostea.
Hona hemen han hartutako irudiak:
(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta Ibon Errazu)