Herri Txiki Adimentsuak jardunaldien bigarren saioa egin dute gaur Beizaman, Eusko Ikaskuntzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta. Lehen jardunaldia Idiazabalen egin zuten, irailaren 20an, eta hari jarraipena eman dio gaurko saioak. Gaur egun landa eremuak jasaten ari diren deskapitalizazioaren -populazio galeraren- aurrean, herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatzea izan dute helburu jardunaldiek. Saioetan landutako guztia Gipuzkoako udalerri txikiak: diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa txostenean jaso dute.
Etorkizunari begira, lurralde orekari eusteko, landa ingurunea nola sendotu daitekeen lantzea izan da saioen asmo nagusia, betiere garapen jasangarria oinarri izanik. Horretarako, Euskal Herriko 2.500 biztanletik beherako udalerrien egoera sozio-demografikoa eta ekonomikoa aztertu dituzte, Gaindegiarekin batera, ondoren Gipuzkoako errealitateari so egiteko.
Jardunaldiei esker, tokian tokiko ekimen berritzaileak ezagutzeko abagunea izan da: besteak beste, ondarea, turismoa, herri-marka, energia berriztagarriak edota ostatu eredua berritzeari buruzko esperientziak. Gainera, eragile aktiboak nahiz interesa dutenak elkarrekin harremanetan jartzeko eta saretzeko balio izan dute saioek.
Emaitza: txostena
Jardunaldien emaitza den Gipuzkoako udalerri txikiak: diagnostikoa eta esperientzien katalogazioa txostenak hainbat zati du. Lehenengo zatian, Euskal Herriko udalerri txikien argazkia osatu dute. Bigarrengoan, trakzioa eragiten duten esperientzien katalogazioa jaso dute, Euskal Herrian zein Europako zenbait tokitan lantzen ari diren proiektu soziekonomikoak bilduz. Kasu guztietan, egitasmoek izan duten harreraz gain, zein eragilek parte hartu duten, zer nolako aurrekontua duten, zer nolako eragin ekonomikoa izan duten eta herritarren inplikazioa zenbaterainokoa izan den jaso dute, baita zailtasunak zeintzuk izan diren ere.
Jardunaldietan landu duten kezka -landa guneetan populazioa galtzen ari dela- ez da berria. Aurrekari ugari ditu hausnarketa horrek; besteak beste, 2016an Zerain ospatutako Etorkizuneko Herri Txikiak nazioarteko kongresua edo urtebete geroago Añanan egindako Arabako Lurralde Orekarantz Jardunaldiak. Gainera, iazko Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresuan argi jasota geratu zen erakundearen lehentasunetako bat izaten jarraituko duela garapen sozio-ekonomiko orekatu eta iraunkorra lortzea lurraldeen artean, eta hala jasotzen du Eusko Ikaskuntzaren Liburu Zuriak Euskal Herriaren etorkizunari begira plazaratutako lan-ildo nagusien artean.