Gaur egun, kezka bat dute landa guneetan: populazioa galtzen ari dira; populazioa zahartzen ari da eta errelebo falta dago. Gainera, biztanleriaren jaitsierak bestelako faktore batzuetan ere eragina du: enpleguan, azpiegituretan, etxebizitzetan, zerbitzuetan, ingurune naturalean... Gai hori mahai gainean jartzeko eta haren ertzak jorratzeko helburuarekin, Herri Txiki Adimentsuak Gipuzkoan proiektua jarri du martxan Eusko Ikaskuntzak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker. Lurralde orekari eusteko, landa ingurunea nola sendotu daitekeen aztertzea da asmoa, betiere garapen jasangarria oinarri izanik. Egitasmoak herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatu eta ezagutzera emango ditu, politika publikoen gaineko hausnarketa bat eginez eta jarduera zehatzak proposatuz.
Bide horretan, gaiarekiko sentiberatasuna duten agenteak eta herritarrak biltzen dituen jardunaldiak antolatuko dituzte, ezagutza plazaratzeko eta hausnarketak zein esperimentazioak partekatzeko. Bi jardunaldi egingo dituzte: bata, irailaren 20an Idiazabalen, eta bestea, urriaren 4an –ostirala– Beizaman. Jardunaldi horietako bakoitzean herri txikien garapenerako aukerak eta esperientzia berritzaileak aurkeztuko dituzte, hainbat arlo jorratuz: hala nola, ondarea, turismoa, herri-marka, energia berriztagarriak edota ostatu eredua berritzeari buruzkoak. Horiek guztiek izango dute helburu garapen sozio-ekonomiko orekatu eta iraunkorra lortzea, baita biztanleria herrian finkatzea ere. Jardunaldiak irekiak izango dira, eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea, lotura honetan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, era askotako jendeari zuzendutakoa izango da jardunaldia: herri txikietako udal korporazioei eta elkarteei; herri txiki zein landa ingurunearekin harremana duten langileei, ekintzaileei eta herritarrei; landa garapen elkarteei eta garapen agentziei; administrazio publikoetako arduradunei eta teknikariei; eta gaian aditua edo aritua den edonori.
Beizaman, Natur Eskolan egingo dute jardunaldia, 09:00etatik 13:30era. Honako hau izango da egitaraua:
09:00. Sarrera eta ongietorria.
-Eusko Ikaskuntza
-Gipuzkoako Foru Aldundia
-Beizamako Udala.
09:30. Herri Txiki Adimentsuak gidaren aurkezpena.
-Julen Landa, Gaindegia.
10:00. Energia iturri alternatiboen inguruan aukera berriak.
-Goiener Kooperatiba.
-Ezka Ibaia Energia: Aitor Perez, Isabako Udala.
10:50. Ostatu eredua berritzen.
-Eredua berritzen: Imanol Olano, Tolomendi LGE
-Orexako esperientzia: Eneko Maioz, Orexako Udala.
11:30. Atsedenaldia.
12:00. Herriaren ondareari balioa emanez, aktibitate sozioekonomiko bat bultzatzea.
-Alkiza. Natura oinarri duen turismo eredua: Edurne Ayuso eta Alaitz Bilbao, Alkizako Udala.
-Beizamako aterpetxea: Iñigo Altuna eta Leire Retegi.
12:50. Eztabaida irekia.
13:10. Ondorioak eta itxiera.