Alejandro Labaka eta Ines Arango misiolari beizamarra eta kolonbiarra omentzeko ekintzak antolatu dituzte Urola bailarako parrokiek, Misio Ordezkaritzak eta kaputxinoen komunitateak, eta datozen egunetarako hainbat saio prestatu dute bi misiolariek egin zuten lana ezagutarazteko. Izan ere, duela 32 urte, 1987ko uztailaren 21ean, Labakak eta Arangok Amazoniako oihanean "bizia eman" zutela gogoratu dute antolatzaileek; tribuen eta petroleo konpainien arteko gatazka medio, Amazoniako indigenak babestea izan zen Labakaren hautua. Hango tribuekin bitartekaritza lanean zebilela, huaorani indigenen etniako tagaeri taldekoek hil egin zuten beizamarra, Arango mojarekin batera.
Astelehenean, irailak 2, Labakaren eta Arangoren ibilbidea azaltzen duen erakusketa zabaldu dute Azkoitiko parrokian, eta hilaren 15era bitartean izango da hura ikusteko aukera. Besteak beste, Txinan, Ekuadorren eta Kolonbian egindako misio lanak ageri diren dozenaka argazkirekin osatu dute erakusketa antolatzaileek, eta Labakak berak idatzitako Crónica Huaorani liburua ere jarri dute salgai. Astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era bitartean ikus daiteke erakusketa, eta igandetan, 09:30etik 12:00etara bitartean izango da zabalik.
Eraskusketa ez ezik, hitzaldia ere izango da Labakaren eta Arangoren lana aitortzeko. Hilaren 10ean, asteartez, Txarli Azkonak solasaldia eskainiko du 19:00etan Elkargunean, eta ondoren, Bizia Amazoniaren alde dokumentala emango dute.
Ondoren, Azpeitian egingo dituzte saioak; irailaren 16an hango parrokian zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 30era bitartean izango da zabalik. Era berean, Joseba Bakaikoak solasaldia eskainiko du hilaren 24an, eta han ere Bizia Amazoniaren alde dokumentala eskainiko dute egun horretan.
Urriaren 19an, larunbatez, amaituko dira ekintzak. Urrestillatik Beizamara, Labakaren jaioterrira, ibilaldia egingo dute, eta honako egitarau hau izango dute egun horretan: 10:00etan elkartuko dira Urrestillan, eta han harrera, kantua eta otoitza egingo dituzte. Bidean, geldialdia egingo dute Nuarben, eta Labaka eta Arangoren oroitzeko tartea hartuko dute hainbat abesti kantatuz. Bigarren geldialdia, berriz, Beizamara bideko industria pabiloiletan egingo dute, eta naturaz hausnartzeko tartea hartuko dute han. Behin Beizamara iritsitakoan, meza egingo dute, eta ondoren, musika eta bertso saioak egingo dituzte Jon Lasa eta Anjel Mari Peñagarikanorekin. Beizamatik 16:30ean itzuliko dira herrira. Antolatzaileek hara joateko autobusak prestatu dituzte, eta horretarako parrokietako sakristian eman daiteke izena, bost eurotan. Azkoitian, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara artean eman beharko da izena.
Urola Kostako Hitzak honako erreportaje hau kaleratu zuen iaz misiolari beizamarraren bizitza jasotzen duen dokumentalaren harira:
https://urolakosta.hitza.eus/2019/01/25/amazonian-erreferente-euskal-herrian-ezezagun/