Iker Irribarria buruz buruko txapelduna omendu dute Beizamako sanpedroetan

Nerea Uranga 2019ko ekainaren 30a

Beizamako sanpedroetan artisau azoka eta Ilunpeko pilotari gaztetxoen pilota partidak izan dituzte gaur eguerdian. Pilota partidetako protagonista Iker Irribarria buruz buruzko txapelduna izan da, gaztetxoen partidetan epaile lanetan jardun du, eta bukatzeko beizamarrek omenaldia egin diote herriko frontoian.

Gaur da Beizamako San Pedro jaien azkenenego eguna. Goizeko mezaren ostean,  artisau eta bigarren eskuko arropen azoka eta haurrentzat tailerrak izan dira plazan, baita taloa jateko aukera ere. Pilota ere izan da protagonista eguerdira arteko festetako ekitaldietan, eta Iker Irribarria buruz buruko txapeldunak parte hartu du Azpeitiko Ilunpe pilota elkarteko pilotari gaztetxoek jokatu dituzten partidetan. 6 urtetik 12 urtera arteko kirolariek lau pilota partida jokatu dituzte, eta Irribarria aritu da partidetan epaile.

Pilota partidak bukatutakoan, pilotari bakoitzak opari gisa pilota bana jaso du Beizamako sanpedroen antolatzaileen eta Irribarria beraren eskutik. Ondoren, beizamarrek omenaldia egin nahi izan diote pilotari aramarrari. Aurkezleak gogoratu duIrribarria herrian maitea dela, eta lotura berezia duela Beizamarekin; amaren aldeko aitona Beizamako Agiña baserrikoa du. Beizamarrak Makilariak direla-eta Pedro Otaegi herriko alkateak makila bat oparitu dio Irribarriari. Horrez gain, orain dela zazpi urte Beizamako sanpedroetan jokatutako pilota partida bateko argazkia eman dio pilotariari opari Manuel Labaka zinegotziak.

Gaur arratsaldean ere kirolak izango du tartea Beizamako jaietan. 18:00eta hasita aizkora desafioa izango da; Eneko Otaño eta Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV eta Mikel Larrañagaren aurka arituko dira nor baino nor aizkoran. Festei bukaera ona emateko, jai bukaerako afaria izango da, eta ondoren su festekin agurtuko dituzte jaiak beizamarrek.

[flickr_set id="72157709335891307"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide