Udan sartzearekin batera, urtero bezala, festetan murgiltzeko prest dira beizamarrak. Izan ere, sanpedroak ospatuko dituzte datozen egunetan herrian. Ostiralean hasi eta igandera bitartean, askotariko ekintzez gozatu ahal izango da Beizaman. Besteak beste, haurrentzako jolasak, patata tortilla lehiaketa, karta jokoen finalak eta herri kirolak izango dira. Gainera, festek irauten duten bitartean, haurrentzako puzgarria izango da frontoian.
Ostiralean, ekainak 28, hasiko dituzte jaiak, 16:00etan botako duten txupinazoarekin. Horren ostean, haur jolasak izango dira, eta ondoren patata tortilla lehiaketa. Ondoren, Makilari festa egingo dute; bertan, patata tortilla lehiaketan prestatutako tortillekin afari merienda egingo dute eta bitartean herriko gazteak musika jartzen arituko dira.
Larunbatean, ekainak 29, San Pedro eguna izango da eta beste hainbat ekitaldi izango da herritarren gozamenerako. Mendi irteerarekin hasiko dute eguna beizamarrek, eta ondoren meza izango da. Arratsaldean ere herritarrek ez dute aspertzeko betarik izango; Saiazen 25. urteurreneko bideo emanaldia, jubilatuen bazkaria eta karta jokoen finala izango dira. 21:00etan, herri afaria izango da, eta txartelak dagoeneko salgai daude ostatu zaharrean. Jan-edana amaitu ostean, Laja eta Lutxurdioren erromeriak girotuko du iluntzea.
Igandean, ekainak 30, izango da San Pedro jaien azken eguna; goizeko mezaren ostean, azoka eta gazteentzat tailerrak izango dira, eta gaztetxoenek otarrak egiten ikasteko aukera izango dute. Eguerditik arratsaldera bitartean, kirola izango da protagonista Beizaman. Hasteko, gaztetxoen pilota partidak izango dira 12:00etan hasita; festen antolatzaileek aurten indarra eman nahi izan diote partida hauei, eta aurten hainbat haur arituko da pilotan. 18:00etan, aizkora desafioa izango da Beizaman; Eneko Otaño eta Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV eta Mikel Larrañagaren aurka arituko dira nor baino nor aizkoran. Festei bukaera ona emateko, jai bukaerako afaria izango da, eta ondoren su festekin agurtuko dituzte jaiak beizamarrek.
Hona hemen Beizamako sanpedroen egitaraua:
-Ekainak 28, ostirala
16:00. Txupinazoa eta pregoia.
16:30. Haur jolasak.
19:00. Patata tortilla lehiaketa.
Ondoren. Afari merienda.
Gauean. Makilari fest!
-Ekainak 29, larunbata. San Pedro eguna
10:00. Mendi irteera.
12:00. Meza.
Ondoren. Saiazko 25. urteurreneko bideo eta argazki emanaldia.
14:00. Jubilatuen bazkaria.
17:00. Karta jokoen finala.
21:00. Herri afaria.
22:30. Laja eta Lutxurdio trikitilariak.
-Ekainak 30, igandea
10:00. Meza.
11:00. Azoka eta gazteentzat eskulanak.
12:00. Gaztetxoen pilota partidak:
-Iraun Barrutiabengoa eta Adei Lizarralde / Julen Saizar eta Noah Orbegozo
-Otoitz Urkizu eta Beñat Larrañaga / Oinatz Lekuona eta Zuhaitz Labaka
-Elorri Urkizu eta Oier Revuelta / Mikel Iturralde eta Oier Odriozola
-Xabat Egiguren eta Ekain Azkue / Suhar Gesalga eta Peio Ziarsolo
Egunean zehar. Itzeder eta Txibilter trikitilariak.
18:00. Herri kirolak: aizkora desafioa. Eneko Otaño eta Iker Vicente Julen Alberdi Txikia IV.aren eta Mikel Larrañagaren aurka.
20:30. Jai bukaerako afaria.
Iluntzean. Su festa.