Beizamako herritarrek bi zerrenda izango dituzte aukeran datozen udal hauteskundeetan: Aurrena Beizama Bai eta PSE-EE taldeena. 2015ean egin zuten bezala, Beizamako bi herri plataformak Aurrena Beizama Bai izenean aurkeztu dira udal hauteskundeetara, eta Pedro Otaegi egungo alkateak jarraituko du datorren agintaldirako zerrendaburu izaten. Taldeak dagoeneko prest du datozen lau urteetarako herri programa, eta haren ardatz nagusia izango da herrian eraikitzekoak diren Babes Ofizialeko Etxebizitzak gauzatzea, Otaegik adierazi duenez.
Beizamako Udalak eta Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak iaz jakinarazi zuten hamabi Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko dituztela herrigunean. Visesa Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da etxebizitzak finantziatzekoa, baina erakundeek izan dituzten arazo batzuk medio, atzeratu egin da prozesua. "Gure asmoa zen agintaldia amaitzerako etxebizitzak eraikitzen hasita egotea, baina luzatzen ari da prozesua, eta horixe da datorren agintaldirako izango dugun egiteko nagusia: etxebizitzen proiektua gauzatzea", berretsi du alkategaiak. Izan ere, Aurrena Beizama Bai taldeari "kezka handia" eragiten dio azken urteetan herriak jasan duen biztanleriaren beherakadak, eta horri aurre egitea da taldearen erronka. Hain zuzen ere, asmo hori eskutik doa etxebizitzen proiektuarekin. "Agintaldi honetan etxebizitzekin ez badugu aurrera egiten, hurrengo belaunaldia Azpeitira joango da bizitzera. Hala gertatzen bada, Beizama oso txiki geratuko da eta etorkizun zaila izango du", esan du Otaegik.
Hori hala izanik, gazteak Beizaman bizitzen jarrai dezaten edota inguruko herrietatik biztanleak hara erakarri ditzaten, Aurrena Beizama Baik hainbat "aukera interesgarri" eskainiko dizkie herritarrei, hala nola Beizaman etxebizitzak "merke" saltzea edota horietako bat erosten dutenei baratzea egiteko edota beste jardueretarako lursail bat ematea.
"Herria odolean"
Guztira, bost ordezkarik osatzen dute Beizamako udalbatza, eta amaitzear den agintaldian Aurrena Beizama Bai taldea osatzen duten bi plataformek txandakatu egin dute alkatetza: lehenengo bi urteetan Nekane Otaño izan zen alkate, eta azken bi urteak Otaegik egin ditu ardura horretan. Dena den, zerrendaburuak jakinarazi du oraingoz ez dutela aurreikusten formula hori errepikatzea. Dena den, airean utzi du: "Denborak esango du zer gertatuko den".
Herriko plataformak prestatu du hautagaien zerrenda, eta taldeak egungo agintaldiko ia hautetsi guztiak mantendu ditu datorrenerako ere. Horien artean, gainera, bereziki positibotzat jo du Mireia Ugartemendiaren hautagaitza: "Pozgarria da gazteak udalean egotea, oso garrantzitsua delako horiek ere herriaren kudeaketan jardutea".
Otaegiren esanetan, herri txikietan "zailagoa" izaten da hautagaien zerrendak osatzea, besteak beste, "denbora asko" eskatzen dutelako udaleko jarduerek. Hark aitortu du, hasiera batean ez zuela bere hautagaitza errepikatzeko asmorik, baina taldeak garrantzitsutzat jo du azken urteetan Babes Ofizialeko Etxebizitzen proiektuarekin bereganatu duen esperientzia: "Beizaman jaio eta bizi gara, eta herria odolean daramagu", borobildu du.
Errepideak konpondu
Datorren agintaldian egungoan hasitako bidearekin jarraitu nahi du taldeak. Besteak beste, Plan Orokorrean hainbat aldaketa egin du udalak, eta horri esker, baserri bakoitzean lau etxebizitza egokitzeko proiektua du esku artean. Horrez gain, herritarren ongizatea hobetzeko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea da taldearen beste erronketako bat, eta bide horretan, Nuarbe eta Beizama arteko errepidea konpontzeko lanak esleitu ditu dagoeneko udalak. Taldeak agindu du obra horiek hurrengo urteetan gauzatzeko kudeaketa lanak egingo dituela beste erakundeekin. Bestalde, jarduera ekonomiko berriak sustatu nahi ditu udalak, eta zuntz optikoa herrian jartzeak horretarako aukera zabalduko duela uste du plataformak. Gainera, herrian denda bat irekitzeko aukera aztertuko du.
Herritarren arteko harremanak indartzea eta horiek herrigintzan parte hartzera bultzatzea ere badira taldearen apustuetako batzuk. Besteak beste, herritarren beharrak ezagutzeko egitasmoak hasiko dituzte.