Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatu zuten, atzo, asteazkena. Lazkaon (Gipuzkoa) izan zen lehia, eta era askotako lanak –kolpeka, erlojuaren kontra, zutik, abiadura eta lan erdira– egin behar izan zituzten kirolariek. Lanak amaitzen azkarrena azpeitiarra izan zen; guztira, hamalau minutu eta hemeretzi segundo behar izan zituen. Haren atzetik sailkatu zen Alberdi, hamalau minutu eta 57 segundoko denborarekin, eta Otaño izan zen lanak amaitzen azkena; hamabost minutu eta 26 segundo behar izan zituen hark.
Hiru aizkolarietatik bi onenak sailkatzen ziren hurrengo fasera, eta beraz, Larrañagak eta Alberdik lortu dute datorren kanporaketarako txartela. Galdakaon (Bizkaia) jokatuko dute final laurdena, eta han ikusiko da aurrera egiten duten edo ez. Finalera iristen baldin badira, Azpeitian neurtu beharko dituzte indarrak, ekainaren 7an. Iaz finalean izan zen Larrañaga, baina Iker Vicentek jantzi zuen txapela orduko hartan.
Hona hemen atzoko saioko zenbait irudi:
(Argazkiak: Egursport)